Entzierroetako unaien aginduak betetzen ez dituztenei isuna jarriko diete

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 31a, 22:02

blogsanfermin.com gunetik hartutako irudia

Iruñeko Udalak festetako udal bandoaren artikulu bat aldatuko du unaiei kasurik egiten ez dietenak edo beren lana oztopatzen dutenak zigortzeko.  

Entzierroetako Lan Taldea bildu da iazko Sanferminetan indarrean jarritako arau berrien balorazioa egiteko. Lan taldeko partaideek, bestalde, korrikalari bati kolpea emateagatik epaitegian auziperatua dagoen unaiari elkartsasuna erakutsi nahi izan diote.

Enrique Maya Iruñeko alkatea, Herritarren Segurtasunerako zinegotzia, atal horretako zuzendaria, Udaltzaingoaren burua, Udalean ordezkaritza duten alderdien ordekari bana, Miserikordia Etxea, Larrialdietarako Nafar Agentzia, Gurutze Gorria, DYA, Osasunbidea, Peñen Federazioa eta entzierroan parte hartzen duten beste kolektiboak biltzen dira lan talde honetan.

Iazko datuak

Emaniko datuen artean azpimarra daiteke iazko entzierrorik jendetsuena uztailaren 13koa, igandekoa, izan zela 2.924 pertsonarekin. Osotara 17.126 korrikalarik hartu zuten parte iazko entzierroetan, 2012an baino %4 gutxiago eta 26 isun jarri ziren arauak hausteagatik.

Korrikalariei eginiko inkestek erakusten dutenez %56 atzerritarrak ziren, %8 Iruñekoak, %6 Nafarroako beste hiri eta herrietakoak eta %30 Estatuko beste erkidegoetakoak.

Adinari dagokionez, bostetik lau 35 urtetatik beherakoak ziren, %17k 35 eta 55 bitartean zituen eta %3 55 urtetik gorakoa izan zen.

Arauen ezaguerari buruz, %90 ek esan zuten entzierroen inguruko arauak ezagutzen zituztela eta %99k bazekien zer arriskutsua izan daitekeen entzierroa.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!