Txuma Murugarren Biltokin, entxuferik gabe

Euskalerria Irratia 2015ko ots. 12a, 12:49

Argazkia: Txuma Murugarren

Larunbatean pianoak lagunduta kontzertua eskainiko du, Euskaldunon Akustik zikloaren barruan

Pianoa, gitarra eta ahotsa. Hiru elementu horiek edukiko ditu Txuma Murugarrenek Txantreako Biltoki elkartean, larunbatean, 20:30ean eskainiko duen kontzertuak. Musikari duela bi urte plazaraturiko diskoa ekarriko du besapean: 14 abesti eta 13 istorio txiki (Gaztelupeko Hotsak, 2013). Itxaropen puskatuak, nasa hutsak, zaldi izutuak, gaueko orkestrak, txakur deslaiak, maleta galduak... Txuma Murugarrenen imaginarioa zabaltzen da diskoan. Nolanahi ere, lehengo kantak ere joko ditu Txantrean. Kontzertu berezia izanen da, doike.

Sarrerak hiru euroan dira salgai, Ezkaba Tabernan (Ezkaba plaza, txantrea), Karrikiri euskal dendan (Xabier karrika, Alde Zaharra) eta Biltokin bertan (kontzertua hasi baino ordu bete lehenagotik).

Euskaldunon Akustik zikloko kontzertu guztiak izaten dira bereziak. Joan den larunbatean Garik jo zuen Biltokin. Kontzertu akustikoak direlako. Baina ez bakarrik horregatik. Konparaziora, iragan larunbateko kontzertua oso berezia izan zen, baina ez ordea oso akustikoa. Garik eta Maldanbera taldeko musikariek tranpa txikia egin zuten, gitarra elektrikoak eta anplifikadoreak dantzan jarriz. Eta giro ederra lortu zuten, lagun artekoa, beroa, kalean izotza botatzen ari bazuen ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!