Euskal Herrian oso fenomeno berezia gertatu zen duela mende erdi inguru: kantautoreak musika komertzialari gailendu zitzaizkion. Kantautoreak meanstream izan ziren eta pop musika, underground. Denek ezagutzen zituzten Ez Dok Amairu mugimenduko kideak, baina inork gutxik zekien nortzuk ziren Javier Madina, Luis Amilibia edo Zorion Egileor.
Euskalerria Irratiko kolaboratzaile Jon Zelestino musikari eta musikazale porrokatuak garaiotako pop-musikako zenbait perla distiratsu, ikusgarri, entzungarri berreskuratu ditu. Konparaziora, Javier Madinak Raphaelen ereduari jarraitu zion musikari zein estetikari doakienez. Itzela, Raphaelen El tamborilero kanta ezagunaren euskarazko bertsioa: Txanboliñ txikia.
Luis Amilibiak Bob Dylan omendu zuen, haren Blowin' in the wind euskarara ekarriz, Entzun aizetan tituluarekin.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/03/entzun-aizetan.mp3]
Zorion Egileor abeslari bizkaitarra gertuago zegoen Ez Dok Amairukoengandik zenbait abestiren tematikari dagokionez, baina askoz ye-yeagoa zen musika estiloari doakionez. Haren *Bizi beti euskereaz* hurrengo Ibilaldia festaren kanta izan beharko litzateke. Abestiaren hasierak Massielen La, la, la dakarkigu gogora.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/03/bizi-beti-euzkerea.mp3]
Jon Zelestinok bi asteazkenetan behin jite honetako perlak eta batez ere musika beltza aireratzen ditu gurean, Hau ez da euskal musika izeneko saioan, 21:00etatik 22:00etara.