Dena prest dago Atarrabian 26. Hatortxu Rock jaialdiari hasiera emateko. Bi urteko etenaldiaren ondoren, gorabehera asko tarteko, elkartasun jaialdia bueltan da. Eguerdiko ordu bietan zabalduko dituzte leihatilak eta 16:00etan guneetan sartzeko ateak. Guneetan, bai. Udako edizio berezian hiru eszenatoki eta bi gune izanen ditu-eta Hatortxu Rock jaialdiak. Naiz gunea da berrikuntza nagusietako bat. "Gune lasaiago" bat sortu nahi izan dute antolatzaileek, eta horretarako Arga ibaiaren bideko eremu berdea baliatu dute.
#HTX26 bertan da! pic.twitter.com/ie4bvhbkg3
— Hatortxu Rock (@Hatortxurock) July 27, 2022
1999an egin zen lehenengo jaialdia, eta bi helburu zituen, egun oraindik ere dituenak: euskal presoekiko salbuespen eta urruntze politika salatzea eta horrek eragiten dituen gastuekin senideak laguntzea. “Euskal Herrira preso politiko asko gerturatu dituzte azken bi urte hauetan, pauso garrantzitsua da. Baina oraindik ere asko dira kanpoan daudenak, eta horien kasuan eta gertuen daudenen kasuan ere senideak lagundu behar ditugu”, azaldu du Aitor Agirrezabal antolatzaileak.
Xede horien atzean milaka lagun bildu ditu urtero Hatortxu Rock-ek. Abenduko azken edizioetan sarrera guztiak agortu dira, eta gaur hasiko den edizioan bilduko den jende kopurua ez da nolanahikoa izanen. Pozik dira antolatzaileak: “Oso-oso pozik gaude. Bagenekien udan eginda konpetentzia gehiago izanen genuela, baina lehenengo egunetik milaka sarrera saldu dira”.
Arratsaldeko bostetan Anarik emanen dio hasiera jaialdiari. Eta ondoren, Pleura, ETS, Gatibu, Zoo, Des-kontrol, The Lio edota Skabidean igoko dira oholtzara. Larunbatean ere eskaintza zabala izanen da: Ibil Bedi, Roten XIII, Non Servium, Zetak edota Herdoil, esaterako. Osatzeko puzzle zaila izan dutela aitortu du Euskalerria Irratian Agirrezabalek.
👉🏻 Zein da galduko ez duzun kontzertua?!
— Hatortxu Rock (@Hatortxurock) July 20, 2022
🎫 https://t.co/12szgqUyS4
.
.
.#hatortxurock #htx26 pic.twitter.com/FK5bWEE4Fl
1.500 lagun auzolanean
Pandemiak eragindako desmobilizazioaz jakitun, oso pozik dira antolatzaileak jendeak emandako erantzunarekin. Elkartasun jaialdi erraldoia posible egiteko, aurten 1.500 boluntario ari edo ariko dira lanean. Ezinbestekoa du auzolana Hatortxu-k. Osatu gabeko txandak badira oraindik.
Gune segurua
Duela hamar urte hasi ziren eraso sexiten aurrean eman beharreko erantzunerako protokoloa osatzen Hatortxu Rockeko antolatzaileak. Hori baino gehiago behar zela ikusita, prebentzioan jarri zuten ondoren fokoa. Talde jakin bat du jaialdiak horretarako, eta bi gune fisiko. Bertaratzen direnak informatzea du helburu, erasoak identifikatzen laguntzeko eta gertatuz gero zer egin jakiteko. "Guztion ardura da Hatortxu guztiontzako gune segurua izatea".