“Elkarrabian jardunaldiak”, euskararen etorkizunerako bidea zehaztuz Elortzibarren

Datorren urriak 3 larunbatean, “Elkarrabian jardunaldiak” eginen dira Noainen euskararen aldeko ekimenen nondik norakoak aztertzeko eta hemendik aurrerako lan ildoak zehazteko. 

Noaingo Gau Eskolak, Elortzibar Euskara Taldeak eta AEK-k “Elkarrabian jardunaldiak” antolatu dituzte heldu den larubaterako. Elortzibarren zer nolako urratsak eman diren euskaren berreskurapena eta normalizaziorako aztertzea  eta euskararen etorkizunari buruzko eztabaida egitea dira helburu nagusiak. Jardunaldi hauetan parte hartzeko gonbitea Elortzibarko euskaltzale guztiei luzatu diete antolatzaileek. Iruñerriko ibar honetan euskararen normalizaziora bidean eman beharreko hurrengo urratsak zehaztu nahi dituzte ekimen berri honen bidez, modu ireki eta partehartzailean. Inflexio-puntua izatea nahi dutela diote antolatzaileek. Jardunaldia borobiltzeko hamaiketakoa, doako haurtzaindegi zerbitzua eta Noaingo Musika Eskolako emanalditxoa ere eskainiko dituzte.