Udal haur eskola euskalduna aldarrikatu dute Antsoainen

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 26a, 19:20
Argazkia: Ahotsa.info

“Antsoainen haur eskola euskalduna orain!” lelopean elkarretaratzea egin dute Antsoaingo udaletxe aurrerean. Udalari hitzkuntz eskubideak berma ditzala eskatzeko, Arartekoarengana jo du guraso talde batek.

“Zein neurri hartuko ditu udalak haur eskola euskaldunaren bidean eta zein epetan?”. Antsoaingo Udalari zuzendu zioten galdera, orain lau hilabete. Erantzunaren zain jarraitzen dutela adierazi du elkarretaratzea deitu duen Antsoaingo guraso taldeak.

Arartekoarengana ere jo dute haien kezka agertzeko. Aste honetan ezagutu dute Arartekoak Antsoaingo Udalari bidalitako expedientea. Guraso taldeak azaldu dutenez, Arartekoak adierazi du "herritar guztiek irakaskuntza euskaraz izateko eskubidea dutela" eta Antsoaingo Udalaren eskumenekoa den haur eskolan, seme-alabak euskaraz hezi nahi dituzten familien nahiak berma ditzala gomendatzen dio. Bi hilabeteko epea du udalak Arartekoari erantzun bat emateko.

Kanpora joan beharrik izan gabe, Antsoainen hezi nahi dituzte haien seme-alabak gaur udaletxearen atarian bildutakoek. "Ez dugu kanpora joan nahi; eta, gainera, ezinezkoa izango zaigu aurrerantzean kanpora joan ahal izatea". Iruñeko Udalak haur eskoletan egindako aldaketa "euskarafobikoen" ondorioz, antsoaindarrek plazarik edukiko ez dutela iritzi diote. Antsoaingo Udalak eskutitz bidez gurasoei jakinarazi zien Iruñeko Udalarekin hitzarmena sinatzen saiatuko dela, Iruñeko euskarazko haur eskoletan haurrak matrikulatuz gero, Antsoaingo familiek kuota-gehigarririk ordaindu behar ez izateko.

Antsoaingo Udalari konponbide bat exijitu diote elkarretaratzean bildu diren gurasoek: "Plan bat exijitzen diogu; seme-alaben hizkuntza eskubideak bermatuko dituena".

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!