"Legez kontrako gertakariak eta ondare publikoaren erabilera okerra" egin izanaren zantzuak ikusita Nafarroako Auzitegiak Eguesibarko auzia berriz ere zabaltzea erabaki du. Jose Antonio Andia alkate izandakoa eta Carolina Potau alkateordea epaituko ditu. Sarrigurengo futbol zelaian taberna gisara zeuden modulu batzuk kentzea leporatzen diete, eta horiei 116.584 euroko balioa ematen diete. 2009. urtean izan ziren mugimendu haiek eta 2013an Alfonso Etxeberria alkatetzara sartu zenean "ondare hura ez zegoela udaleko kontuetan" nabarmendu zuen. "Legez kontrako parte hartzea" ikusten du epaileak orain jokaldi hartan.
Eguesibarko Udalean hirugarren auzi irekia da futbol zelaiko tabernarena. Kontuen Ganberak "irregulartasun" zantzuak ere salatu zituen eta Potauri egindako ustezko intimitatearen aurkako delituagatik beste zinegotzi batzuk daude ikertuak.