Sarrigurengo jaiak ospakizunez beteak, ekainaren 12tik 14ra

Sarrigurengo jaietan erraldoien eta buruhandien konpartsa, iaz. Argzk: sarrigurenweb.com

Ikuskizun ibiltariak, erraldoi eta buruhandien konpartsa eta dantzaldiak izanen dira. Lehiaketen artean, hiru: txakur, argazki eta pintura lehiaketa.

Ekainaren 12an 19:00etan botako dute txupinazoa Sarrigurenen. Hiri sortu berriak jaiak ospatuko ditu ekainaren 12tik 14ra. Ekimenez jositako programa antolatu dute, adin guztietarako ekitaldiekin beteta. Patricia Cifrian Eguesibarko Udaleko Kultura zinegotziak jaurtiko du txupinazoa. Gazte txarangak, ikuskizun ibiltariak, haurrentzako puzgarriak eta jolasak eta Eguesibarko musika eskolako ikasleak ariko dira Sarriguren jai giroan murgiltzen. Gauez musikak hartuko du protagonismoa: dantzaldiak izanen dira goizaldera arte eta ondoren DJak ere jarriko dituzte.

Erraldoien eta buruhandien konpartsa larunbatarekin irtengo da kalera. Kaldereteak ere eginen dituzte eta iaz izan zuten arrakasta errepikatzea espero dute aurten ere sarrigurendarrek. Magia ikuskizuna, batukada eta gaiteroak izanen dira arratsaldean. Su festa ez da faltako gauean eta Kresala taldearekin dantzaldia izanen da Elizmendi plazan. Egun horretarako gainera gazteei bereziki zuzendutako ekimen bat ere jarri du aukeran udaleko festa batzordeak: paintball-ean trebatzeko aukera. Izen ematea ekainaren 6a arte izanen da.

Haurraren eguna ekainaren 14an izanen da, igandearekin. 09:30ean dianak izanen dira eta hortik aurrera umeei eskainitako hainbat ekimen. Artisau azoka izanen da goizean, baita txakur lehiaketa ere. Puzgarriak eta jolasak, apar festa, abesbatzak, euskal dantzen ikuskizuna eta moto gainean ibilita lasterketa egiteko aukera ere izanen dute gaztetxoenek.

‘Sarrigurengo 2015eko festak’ izeneko pintura eta argazki lehiaketan izen eman daiteke. Uztailaren 30a arte izanen da aukera argazkiak zein pintura lanak aurkezteko.