Euskaltzaleon Martxaren azken txanpan sartuta, larunbat honetan, ekainak 13, Iruñeko kaleak euskaltzalez betetzeko dituzten hiru zutabeetako pankartak eta pregoilariak iragarri ditu Euskalgintzaren Kontseiluak. Pankarta bakoitzak Martxaren hiru aldarrietako bat ordezkatzen du, eta euskal irudigile ezagunek egin dituzte.
Lehenengo pankartak euskararen ofizialtasun osoa eskatzen du, Patxi Huarte ‘Zaldieroa’ komikigileak egindakoa da. Ipar Euskal Herrian zein Nafarroaren zati handienean, bai eta EAEn gero eta nabariago, euskararen estatus eta berdintasun gabezia oinarrizko arazoa da normalizazio eta biziberritzean aurrera egiteko. Besteak beste, ehunka mila herritarren eskubideen aitortza falta eta urraketa sistematikoa gainditzearen aldeko aldarri irudikatzen du, muga guztien gainetik euskarak batzen gaituelako. Bigarren pankartak hizkuntza politiketan jauzia emateko premia aldarrikatzen du, Asisko Urmeneta irudigileak egina da. ‘Zazpi jauzi’ izenburuarekin, mende luzetan euskaldunok jasandako menderakuntza eta egoera iraultzearen aldeko ekimen eta adierazpenak nabarmentzen dira pankartaren diseinuan. Hirugarren pankartak euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzeko beharra azpimarratzen du, eta Malen Amenabar ilustratzailearen lana da. Euskaltzaleon ekintza kolektiboari esker, euskarari etorkizun oparo bat emateko ilusioa eta etengabeko lana irudikatzen ditu.
Pregoilariak, gizarte zibiletik egiten den lanari aitortza
Bestalde, Kontseiluak ezagutzera eman ditu 17:00etan Runako Parketik, Antoniuttitik eta Askatasun Enparantzatik abiatuko diren zutabe bakoitzaren hasieran pregoiak irakurri eta txupinazoak botako dituzten hiru kolektiboak, gizarte eragiletzatik egiten duten lana aitortu, babestu eta bultatzeko asmoz: Runako Parketik abiatuko den zutabeko pregoia eta txupinazoa ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz mugimenduko kideek botako dute, Baxoa beraien hezkuntza-ibilbide guztia egin duten hizkuntzan, euskaraz, egiteko debekuaren aurrean abiatutako mobilizazio eta desobedientzia dinamikagatik.
Antoniutti parketik abiatuko den zutabeko pregoilariak Batuz Aldatu dinamikaren talde eragileko kideak izango dira, euskararen aldeko adostasun soziopolitiko berri bat bultzatzeko egin duten lanarengatik. Izan ere, 2025eko irailean bi urteko elkarrizketa prozesu baten emaitza aurkeztu zuten, Itun soziopolitiko berrirako eskaintza izenburukoa. Talde eragilea gizarte zibileko 11 eragilek osatu dute: AEK, Agirre Lehendakaria Center, Athletic Club Fundazioa, Euskal Kontsumitzaileen Alkartea, Taupa Mugimendua, Eusko Ikaskuntza, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, Mondragon Korporazioa eta Nafar Ateneoa.
Azkenik, Askatasun Enparantzatik abiatuko den zutabeko pregoia eta txupinazoa euskarazko eduki sortzaileek botako dute, plataforma digitaletan euskarazko ikus-entzunezkoak sortuz euskaldunoi geroz eta beharrezkoago ditugun arnasguneak eskaintzeko egiten duten lana aitortuz.
Argibideak Iruñeko kaleak beteko dituzte milaka euskaltzaleei
Arratsaldeko 17:00etan, Euskaltzaleon Martxaren zutabeak osatuko dira. Zutabeen osaera ahal bezain orekatua izan dadin, Kontseiluak hiru irizpide zehaztu ditu: dagoeneko Iruñean dauden herritarrak Runako Parkean bilduko dira, autoz iristen direnak Antoniuttin, eta herrietatik autobus bidez iristen direnak Askatasun Enparantzan. Pregoi eta txupinazoen ondotik, zutabeak pankarten eta txarangen atzetik abiatuko dira aldarrikapen eta jai giroan, Gazteluko Plazan bat egiteko.
Izan ere, aldarrikapena eta harrotasuna uztartuko ditu Euskaltzaleen Martxak. Jai girotik edanez harrotasuna adieraziko da gure historian zehar, milaka eta milaka euskaltzaleren ekinari esker, euskara bizirik ekarri delako XXI. mendeko lehen laurden honetara arte. Eta, aldi berean, ez da ahantziko egun kinka larrian dela, eta «euskaraz bizitzeko behar den dena» ozen eskatzeko, eratzeko eta bideratzeko unea dela. Euskaraz bizi ahal izateko ez ezik, euskarari pizkunde berri bat emateko baldintzak sortu behar direla: baldintza errealak, materialak, politikoak, sozialak, kulturalak.
Hiru zutabeak Gazteluko Plazara iritsi ostean, bertan egingo da ekitaldi nagusia. Eta Euskaltzaleen Martxaren bukaera gisa, plazan bildutako guztiek dantza egitea da proposamena: Euskal Herri osoko milaka lekutan egiten den bezala, kalejiran, borobilean, elkarrekin bagarela esanez, hasi Tuterako Reboltosatik eta Bermeoko Arroskueraino.
Arratsaldeko mobilizazioaz gain, goizean zehar hainbat ekitaldi izango dira Iruñean zehar. Goizeko 11:00etan hasita, umeentzako gune bat izango da Santa Ana Plazan, Porrotx eta Zapotxin pailazoen emanaldiarekin, jarraian Dindaiakale jolasekin osatuta. 12:00etatik aurrera, Alde Zaharra zeharkatuko duen Kantujira egingo da, bai eta Bermut-pintxada LABAn. 13:30ean, bi egunez Urepeletik Iruñerako bidea oinez egingo duen Gazte Euskaltzaleon Martxako kideei harrera egingo zaie Karmen kalean. Eguna amaitzeko, Gazteluko Plazako ekitaldi nagusiaren ostean kalejira handi bat abiatuko da Iruñeko alde zaharrean barna.