Historiaren munduan aritzen garenok, Historia ziklikoa ez dela badakigu. Askotan errepikatzen den mantra hori egia ez den arren, adibide eta ikasketa aproposak atera ahal ditugu gure iraganeko momentu zehatzetatik, paralelismoak eta desberdintasunak ongi aztertuz.
Kapitalismoaren krisi ekonomiko larri eta ziklikoa, klase popularren ezinegon ekonomiko eta soziala, posizio kontserbadore eta autoritarioen gorakada, apurtuta dagoen nazioarteko sistema… Gaur egungo mundua deskribatzeko modu aproposak izan daitezke, baina gerren arteko, eta zehazki 1929ko krak ekonomikoaren osteko garai historikoari egiten ari diogu erreferentzia.
Beraz, badaude garai historiko honekin paralelismoak eraikitzeko moduak, haien esperientzietatik ikasteko eta etor daiteken olatu beltza geldiarazteko.
Faxismo hitzak definizio zehatza du, eta zaila da gaur egungo testuingurura %100ean aplikatzea. Hala ere, elementu batzuk sumatzen dira. Kapitalismoaren krisiaren aurrean, hau bermatzeko erreakzio goiztiar bat da faxismoa, modu desberdinetan masak mugiarazten dituena. Gaur egungo ultraeskuindar lidergoek asko hartzen dute faxismotik, autoritarismoa, xenofobia, elite batzuen aurkako diskurtsoa, masak mugiaraztearen nahia… Historialari askok post-faxista edota neofaxista hitza erabili dute gaur egungo mugimenduetarako.
Langile batasunak
Izen desberdinak jaso ahal dituen aliantza mota honek, Langile Fronteak edota Langile Batasunak kasu, langile klaseko antolakundeen arteko aliantza estrategikoa biltzen du, bereziki sindikatu eta alderdi politikoena. Langileen interesak defendatzea izan ohi du helburu, baita programa iraultzaileak aurrera eramatea ere, komunista, anarkista, sozialista edota sindikalistez osatuta baitago orokorrean. Banatuta jarraitzen duten arren, ekintza eta antolakuntza batasuna dago haien estrategian.
Leon Trotsky famatuaren esanetan, modu horretan eraman zen aurrera Errusiar Iraultza eta Internazional Komunistaren Laugarren Kongresu Mundialean, Fronte Bakarraren izenpean horrela definitu zuten: “komunistek langile guztiekin bat egitea proposatzen dute, beste alderdi eta talde batzuetakoak barne, baita lerrokatu gabeko langile guztiekin ere, langile klasearen berehalako eta oinarrizko interesak burgesiaren aurka defendatzeko borroka komun batean”.
Weimarreko Errepublikan, hau da, gerrarteko Alemanian, aurrera eraman zen estrategia hau, 1922 eta 1923. urteetan zehar, eta herrialdeko hainbat figura ezkertiarrek fermuki babestu zuten. Hala ere, barne borrokek zein Estalinismoak Internazionalean jokatutako paperak estrategia honekin bukatu zuten, sozialdemokratak faxista sozialak bezala izendatuz. Modu batean edo bestean, Hitlerren igoera boterera erraztu zuen banatze estrategia honek.
Fronte popularrak
Faxismoak eman zituen aurrerapausoek estrategia aldatzera behartu zituen indar antifaxistak. Hori dela eta, bai Internazional Komunistatik bai beste sektoreetatik, Fronte Popularren ideia zabaldu zen. Baina, puntu honetara iritsita, jada ez zen nahikoa langileen fronteekin eta antolakuntza eta ekintza batasunarekin. 1935etik aurrera, Alemania Naziaren berrarmatzearekin eta sozialdemokrata austriarren txikitzearekin, Internazional honek faxismoaren aurkako aliantza sistema zabalak gauzatzea bultzatu zuen, kasu famatuenak Frantzia, Espainia eta Txilerenak izanik.
Frantziaren kasuan, ultraeskuinak boterea hartu ahal izan zuen momentu baten aurrean, sozialistek, komunistek eta erradikalek batasun estrategiko eta elektoral bat sortu zuten, parlamentuaren eserlekuen %60 baino gehiago lortuz eta Leon Blum lehendakaritzara eramanez. Baina gobernu hau ezkerreko presiopean jaio zen, greba masiboekin, eta horrela (eta bere elementu erradikalen aurka) 40 orduko lanaldiak, 15 egunetako opor ordainduak eta soldaten igoerak lortu ziren.
Espainian, Sozialistak, errepublikano ezkertiarrak eta komunistak Fronte Popularra osatu zuten, 1936ko hauteskundeak irabazteko. Anarkistak, CNTekin, kanpoan geratu baziren ere, ez zuten honen aurka borrokatu, eta batzuk alde agertu ziren. Gauzak horrela, 1934ko iraultzaileendako amnistia, edo lehenengo biurteko erreformistaren erreformen jarraipena eta autonomia estatutuen aurreratzea adostu zuten haien programan, desadostasun nagusiak alde batera utziz. Horrela aipatzen zen Espainiako Alderdi Komunistan, 1935ean: “Gu proletalgoaren diktaduraren alde borrokatzen gara, sobieten alde... Baina une honetan ulertzen dugu borroka planteatuta dagoela, ez proletalgoaren diktaduraren eremuan, baizik eta demokraziak faxismoaren aurka duen borrokaren eremuan, berehalako helburu gisa”.
Beste motatako aliantzak
-Partisanoak II. mundu gerran
-Italiako: Askatasun Nazionalerako Komitea
-Hego Afrikako United Democratic Front