Duela gutxi, zorteari buruzko erreportaje bat irakurri nuen, eta, bertan, Violet Jessopen bizipenarekin topo egin nuen. Ezagutzea merezi du.
Maiatzaren 5ean ospatu zen zerbitzari eta erizain argentinar honen heriotzaren 55. urteurrena. Baina horregatik ez dut gaur ekarri, bere bizitzan zehar hainbat aldiz heriotzatik eskapo egiteagatik baizik!
Atera kontuak! Olympic ontziaren eta beste gerraontziaren arteko talkatik bizirik atera zen, baita Titanic ontziaren hondoratzetik eta Britannic ontziaren hondoratzetik ere.
1887an Argentinan jaio zen, eta bederatzi anaia-arrebatik zaharrena izan zen.
Nerabezaroan, tuberkulosiak jota ibiltzeagatik, hil zorian egon zen. Medikuek hilabete gutxiko bizia iragarri ziotela, baina bizirik irtetea lortu zuen berak.
Hori ikusita, Violetentzat klima hobea baten bila Mendozara joatea erabaki zuen familiak, baina probintzia horretan zegoela hil zen aita. Hori zela eta, Ingalaterrara joan ziren. Liverpoolen finkatu ziren lehenik, eta ostean Londresen. 17 urte zituen Violetek.
Handik oso gutxira lanean hasi zen gure neska luxuzko itsasontzi batzuetan. 1911n Olympicera igo arte, garaiko munduko ontzirik handiena eta luxuzkoena zena. Gaztelania eta ingelesa hitz egiten zuenez, eta itxura eta izaera ona zeukanez, zailtasunik gabe kontratua lortu zuen.
Baina urte horretan, itsasontziak gerraontzi batekin talka egin zuen Ingalaterrako kostaldetik gertu. Ontziek kalte larriak jasan zituzten, baina bera markarik gabe atera zen istriputik.
Hurrengo urtean, Olympic bezalako itsasontzia, Titanic, inaugurazio bidaia egiteko itsasoratzear zegoela, Violeti transatlantiko berrirako 23 zerbitzari postuetako bat eskaini zioten. Olympic taldean lanean jarraitu nahi bazuen ere, senide eta lagunen aholkuek, baita soldata hobeak ere, konbentzitu egin zuten.
Baina, guztiok dakigun bezala, itsasoratu eta lau egunera, Titanic ontziak iceberg batekin talka egin zuen, eta ordu gutxitan hondoratu zen.
Violeti brankara igotzeko agindu zioten, gaztelaniaz hitz egiten zuten hirugarren mailako bidaiariei lasai egoteko hitz egiteko. Emakumeak eta haurrak izan ziren salbamendu-txalupetan sartzen ziren lehenak. Orduan, ofizial batek txalupara igotzeko agindu zien zerbitzari batzuei, emakumeei erakusteko segurua zirela ontzi txiki horiek. Horien artean gure Violet zegoen. Gainera, haur bat eman zioten zaindu zezan.
Titanic ontzian zihoazen 2200 pertsonetatik 1500 hil ziren. Violet bizirik atera zen baina.
Hura gertatu ondoren, Violetek konpainia berberarentzat lanean jarraitu zuen, kargu berean.
Bi urte geroago, konpainiak itsasora bota zuen Olympic luxuzko itsasontzia. Baina Lehen Mundu Gerraren eztandak itsasontziaren patua aldatu zuen, eta Mediterraneo itsasoan ospitale-lanak egiteko erabili zuten. Violet erizain gisa sartu zen eskifaian.
Egun batean, itsasontziak urpeko meategi bat jo zuen. Geroxeago, hondoratzen hasi zen. Violet salbamendu-txalupa batera igo zen, baina itsasontziko helizeek xurgatu eta suntsitu zuten. Hala ere, ontzitik salto egin eta salbatzea lortu zuen, helizeek harrapatu baino lehentxeago. Txalupatik salto egin ondoren, Violetek buruan lesio traumatiko bat izan zuen, eta konorterik gabe gelditu zen. Zorionez, beste salbamendu-txalupa batek erreskatatu zuen.
Leherketa gertatu eta 55 minutura, Britannic ontzia desagertu zen, eta 30 pertsona hil ziren. Berriro gure Violet ez zen haien artean egon.
Horren ostean, Erresuma Batura itzuli zen, eta banku batean lan egin zuen. Baina handik oso gutxira berriro itsasora itzuli zen, Olympic itsasontziko zerbitzari postuan.
35 urterekin, merkataritzako marinel batekin ezkondu zen, baina gutxi iraun zuten elkarrekin. Dibortziatu ziren.
Lanean jarraitu zuen eta munduan zehar bost itsas bidaia egin zituen.
1950ean erretiratu zen, 42 urtez lan egin ondoren. Hala eta guztiz ere, ez zen gelditu. Gogo biziz aritu zen etxeko lorategian. Oiloak ere hazten zituen, eta haien arrautzak bere pentsio apala konpentsatzeko saltzen zituen.
1971ko maiatzaren 5ean hil zen, 83 urterekin, bihotz-gutxiegitasuna zuela.
Bere bizitzaren amaieran egunkariek Violetteri “andereño hondoraezina” esan zioten.
1997an, bere bi ilobaren erabakia zela medio, Violeten memoriak argitaratu ziren.