FALTA ZITZAIGUNA

Euskal pirateria

Euskalerria Irratia 2026ko maiatzaren 6a

Ogibide hau erromantizatu badute ere, munduko gizarte eta kultura guztietan agertu da, baita garai guztietan zehar ere. 'Falta zitzaiguna' sekzioaren atal berri honetan, euskal piraten inguruan mintzatu da Oier Santamaria

Historian zehar, piratak egon dira ia beti. Gaur egun arte iritsi den lanbide bat da, Somaliako zonaldean pirateriaren arriskua larria baita gaur egun. Pelikulek Erromantikotzat saldu diguten ogibide hau, munduko gizarte eta kultura guztietan agertu da, baita garai guztietan zehar ere. Ez gara libratzen horretaz euskaldunok, gure Bizarbeltz bezalako pertsonai txikiak (eta ez hain txikiak) baititugu gure historian. Baina piraten historian, ez da dena karibea. Beraz, has gaitezen gure pirata goiztiarrenekin, itsas delinkuentziaren urrezko arora iritsi baino lehen.

Erdi aroko piratak

Gure herriaren historian agertzen zaizkigun lehenengo pirata hauek ez dira piratak, kortsarioak baizik. Zer esan nahi du honek?

1. Pirata, legez kanpoko lapurra, erasotzailea…

2. Kortsarioa, autoritate edo erakunde baten baimena du. Kortsoaren patentearekin.

Lehenengo kortsario hauetako batzuk, mediterraneoan zehar aurkitzen ditugu aragoitarrei zerbitzua ematen. Bartzelona edota Valentzia bezalako hirien kontratupean aurkitzen ditugu euskaldun asko, Genoatarren aurka, Ipar Afrikako piraten aurka, edota bide komertzialak babesten.

Baina, zergatik euskaldunak mediterraneoan? Ba bi elementu interesgarri ditugu. Alde batetik, kantaurialdeko portuetan eraikitako itsasontzi hauek mediterraneokoak baino erresistenteagoak izaten ziren askotan. Bestalde, euskaldunen esperientziak, itsasgintzan, arrantzan eta bale-ehizan arrantzale izugarri prestatuak sortzen zituen. Ez ditugu soilik haien kortso patenteak aurkitzen, baizik eta haien zigorrak ere, hauek apurtzeagatik. Exekuzioak, epaiketak eta isunak, patenteen galera…

Aro Modernoa Europan

Baina mugi gaitezen aro modernora. Europan kortsarioak ikusten ditugu ere nagusiki, zonaldea aldatzen den arren. Munduko merkataritza bideak izugarri aldatu dira Ameriken aurkikuntzarekin eta Afrika inguratzeko aukerarekin. Hori dela eta, Mediterraneoak pisua galtzen ari du, gutxinaka, Atlantikoak indar guzti hau jasotzen ari duen bitartean.

Euskaldunek atlantikoan esperientzia luzea dute jada momentu honetarako. Baleazaleak izan dira, hasiera batean Bizkaiko golkoan (670. urtean dugu lehenengo idazkia) eta horren ostean, Ipar Itsaso guztirantz zabaldu dira. Oso ezagunak dira itsas baleazaleen istorio eta anekdotak, Islandian hauek hiltzeko eskubidea ematen zuen legea edota Kanadako Red Bay izeneko euskaldunen asentamendua, adibidez.

Hau dela eta, Frantziar eta Espainiar estatuen menpe arituko dira euskaldunak kortsario, besteak beste, ingelesen, frantsesen, espainiarren edota holandarren aurka, Bizkaiko golkoan eta La Mancha-ko kanalean nagusiki.

Hauetako kasu bat Joanes Suhigaraitxipi dugu, Frantziar estatuaren zerbitzuan kortsario aritu zena. Le Coursic edo kortsario txikia izenpean ezaguna zen gizona, espainiarren eta holandarren itsasontziak erasotu zituen nagusiki XVII. mendean zehar. Bere buruaz esaten zuena sinetsi behar badugu, 100 itsasontzi harrapatu zituen 6 urteetan zehar, Baionatik Cibourera, zubi bat eraikitzeko modukoa. Bere bizitzako azkeneko fasea Terranovan eman zuen, euskal eta bretoi itsasontziak beste kortsarioez babestuz, hil zen arte.

Karibeko pirata

Hala ere, mugi gaitezen pirateriaren urrezko aro eta eskualdera: Karibera!

Euskaldunek denbora zeramaten atlantikoa gurutzatzen eta itsasontzi trebeak ziren. Hori dela eta, enpresa legalak ikusten ditugu Ameriketan, Real Compañia Gipuzkoana de Caracas bezala, Venezuelako Kakao-aren merkataritzan monopolioa zuena, baina baita ilegalak edo biolentoak ere, pirata edo kortsario desberdinekin.

Baina piratez hitz egiteko, Michel Le Basque izeneko pirata, bukanero eta filibusteroa aipatu behar dugu. Michel Etxegorria, le Basque izenpean ezagutua zena, Lapurdiko zonaldeko pirata bat izan zen, XVII. mendearen erdialdean, Donibane Lohitzunen jaiotakoa. Le Basque famatua egin zen bere laguna l’Olonnaisekin batera, Maracaibo eta Gibraltarreko arpilaketa burutzeagatik, 1666. urtean.

Bi piratak, Tortugan bildu ziren, garaiko portu franko oso ezagun bat, eta 8 itsasontziz eta 650 itsasgizonez osatutako armada batekin, Maracaibo erasotzera abiatu ziren. Hiria hartu zutenerako, jende garrantzitsuek ihes egina zuten jada, baina 20.000 erreal eta hainbat merkantzia eta esklabo bereganatu zituzten. Horren ostean, Gibraltarreko portua erasotu zuten, Kakao eta Tabakoaren merkataritzan izugarrizko portu garrantzitsua. Borroka baten ostean, hau arpilatu zuten ere, 260.000 erreal lortuz eta hiria suntsituz. Horren ostean, Gibraltar ez zen berreskuratu.

Hurrengo urtean 1667an, Le Basquek bakarrik erasotu zuen Maracaibo, itsasontzi bakar batekin: “La Providence”. Pertsona aberats eta garrantzitsuak bahitu zituen eta haien truke erreskate handia lortu zuen.

Bi ekintza hauen ostean, Cartagena de Indiako gobernadorea bi pirata hauek aurkako itsas armada hau antolatu zuen. Hala ere, ez zuen hauek harrapatzea lortu eta itsasontzi batzuk galdu egin zituen. Mitoari kasu egin behar baldin badiogu, Le Basquek eskerrak emateko eskutitz bat idatzi zion gobernadoreari.

Beste kasu batzuk ditugu ere, Jean eta Pierre Lafitte anaiena bezala, ziur aski Biarritzen jaioak. Louisianako zonaldean piraterian aritu ziren eta behin harrapatuak, Estatu Batuen zerbitzuan borrokatu zutenak 1812ko Britaniar-Estatu Batuar guduan New Orleans defendatzen, Andrew Jacsonekin batera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!