Langile baten heriotzagatik zigortu du epaitegiak Sakanako Mankomunitatea

Euskalerria Irratia 2026ko maiatzaren 5a

Sakanako Mankomunitatea zigortu dute harentzat lan egiten zuen langile baten heriotza bero-kolpe bat izan zelako. Modu horretan Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du Etxarri Aranazko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak jarritako helegitea, eta 2020ko udan bere lanaldian izandako bero-kolpe baten ondorioz hil zen langile baten senideei ia 148.000 euro ordaintzeko kondena berretsi du.

46 urteko langilea hil baino zortzi egun lehenago kontratatu zuten gizarte-enplegu babestuko programa baten barruan Sakanako Mankomunitateak peoi lanbide-kategorian Arbizuko kalean garbiketa-lanak egiteko. Heriotzaren egunean, 2020ko uztailaren 30ean, ohiko lanaldia egiten zuen, 08:00etatik 15:00etara. Egun horretan, estazio meteorologiko hurbilenak 36,48 graduko tenperaturak erregistratu zituen eguerdian, 37,15 gradukoak 13:00etan eta 37,04 gradukoak 14:00etan. 10:30etik aurrera langilea bakarrik geratu zen kalea garbitzen herriko elizaren inguruan. Senide batek aurkitu zuen hilda, 19:00etan, udalerriko eskola publikoaren beheko aldean, oraindik laneko uniformea jantzita zuela.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Sakanako Mankomunitatea zigortu du heriotza horregatik bero-kolpea izan zuelako langileak. Mankomunitateak helegitea jarri zuen zenbait arrazoi tarteko, besteak beste: langileak bazuelako lan arriskuen berri eta horretan jasoa agertzen zelako beroaldian zer nolako neurriak hartu behar zituen: besteak beste, ura edatea, babestea, arropa fina eramatea eta lanak beroaldia iritsi aurretik planifikatu eta aurreratzea, besteak beste. Auzitegiak ez zituen arrazoiak nahikotzat jo: lana ez zelako eten nahiz eta tenperaturek 11:00etatik aurrera muga fisiologikoak gainditu zituen; ez dagoelako jasota Mankomunitateak langileari ura eman zionik; arriskuen ebaluazioak ez zuen zehazten zer tenperaturatatik aurrera hartu behar ziren neurri bereziak; ez zegoen lana antolatzeko protokolorik muturreko bero-egoeretarako; eta ez zen inolako kontrol- edo ikuskapen-mekanismorik ezarri bere lana erabat isolatuta egiten ari zen langile baten gainean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!