Hirukoiztu egin da desgaitasuna aitortzeko prozesuetan itxaron egoteko aldia

Euskalerria Irratia 2026ko apirilaren 29a

Handitu egin da desgaitasuna aitortzeko itxaroten egon beharreko denbora: atzerapena hirukoiztu egin dela jakinarazi du Carmen Maeztu Eskubide Sozialetarako kontseilariak Nafarroako parlamentuan egindako lan-batzordean: 2019an bost hilabete ziren herritarrak bere kasua aurkeztu eta aitortza jasotzen zuen itxarote epea, eta, zazpi urteren ondoren, 2026an hamahiru hilabete izan dira.

Itxaroten egon beharreko egunen gorakadaren atzean zein faktore egon daitezkeen azaldu du Carmen Maeztu Eskubide Sozialetarako kontseilariak: "Egoera hori eragin duten faktoreei dagokienez, esan beharra dago, 2023ko maiatzean indarrean jarri zela dekretu berri bat, desgaitasunaren aitorpenean aldaketak ezarri zituena eta prozesuetan atzerapen orokorra eragin duena". Hori izan daiteke faktoreetako bat kontseilariaren esanetan eta beste bat, eskaeretan izan den gorakada: 2019an 6.059 izatetik azken urteetan 8.500 izatera igaro baitira.

Izapide horiek arintzen saiatzeko, Maeztuk onartu du aztertzen ari direla jada erretiratuta dauden medikuekin lankidetzan aritzea edo beste profesional batzuekin (terapeuta okupazionalekin, esaterako) lantaldeak indartzea, "araudiak ez baitu behartzen balorazio guztiak mediku baten esku-hartzearen bidez egitera". Hala, gaineratu du, "desgaitasunaren ikuskera berriarekin" helduko litzaiokeela prozesuei.

Desgaitasunaren aitorpenak aukera ematen die eskatzaileei behar dituzten eta dagozkien zenbait zerbitzu eta prestazio eskuratzeko, hala nola onura fiskalak edo enplegua lortzeko bestelako baldintzak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!