Mikel Baztan: “Lorezaintza jasangarriaren bitartez eta auzolanean herria eraldatuko dugu”

Euskalerria Irratia 2026ko apirilaren 20a

Maiatzaren 8tik 10era ‘Agoitz Loretan’ ekimeneko bigarren edizioa antolatu du Agoizko Udalak. Ingurune berdeagoa lortzea, herriaren bizi kalitatea handitzea eta turismo jasangarria sustatzea dira helburuak

Joan den urteko arrakasta ikusita Agoizko Udalak Agoitz Loretan ekimenaren bigarren edizioa jarri du martxan. Maiatzaren 8tik 9ra herriko txoko eta lorategi desberdinak kolorez beteko dira. Landareen eta berdeguneen jaialdia da Agoitz Loretan eta herriko kolektiboak, udalak eta enpresak ere inplikatu dituzte. Helburua ingurune berdeagoa lortzea, bizi kalitatea eta turismo jasangarria sustatzea.

Sei atal desberdin izango ditu: mikro-lorategian lehiaketa, Udalak eta enpresak loretan, Ostalaritza loretan, Merkatua, Bitxi Naturalak eta Lore-kultura.

Familiei edo taldeei dago zuzenduta mikro-lorategien lehiaketa. Miniaturazko paisaia edo lorategi bat irudikatuko duten landare eta materialekin metro karratu bateko azalera duten lorategi txikiak sortzeko helburuarekin. Mikro-lorategia ordu erdiko epe mugatuan sortu beharko da, eta epaimahai profesional batek proposamenak balioztatuko ditu eta hainbat sari emango dizkie sailkatutako onenei. Parte hartzeko epea apirilaren 30ean bukatzen da eta Agoizko udaleko webgunean egin daiteke.

Herriko eta inguruko eragileek, erakundeek eta enpresek sortutako hainbat lorategi eta lore-gune kokatuko dira Agoitzen barna eta hurbiltzen direnek aukera izango dute gehien gustatu zaiena bozkatzeko. Aldi berean, herriko taberna desberdinetatik ibilbide gastronomikoa egin ahalko da lore-pintxoak dastatuz. Frontoian berriz, merkatua antolatu dute. Loreak eta bestelako artisautza produktuak erosi ahalko dira. Eta kale animazioa ez da faltako.

Euskalerria Irratiko Irrintzi Plazan Mikel Baztan izan dugu gonbidatu, Agoitz Loretan ekimeneko koordinatzailea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!