Palestinan fokoa jartzen segitzea ezinbestekoa dela adierazi dute gaur Gernika Palestina eta Yala Nafarroak Iruñean egindako agerraldi bateratuan. Elkar hartuta, salatu dute, genozidioak ez duela etenik, eta are, krudelago bilakatzen ari dela eta eremuz zabaltzen ari dela, hedatzen: "Benjamin Netanyahu gaitza da eta gaitz hori gero eta zabalagoa bilakatzen ari da. Gazan ez ezik, Cisjordanian eta Libanon ere ezarri baititu genozidiorako bideak", azaldu du Ibon Meñika Gernika Palestina taldeko kideak. Horren aurrean, etsipenean erori gabe eta konformismoan gelditu gabe herritarren arteko aktibazioa ezinbestekoa izaten segitzen duela uste dute bi talde horietan: "Presioa, ahotsa goratzea eta konpromisoak hartu eta hartu ditzaten exijitzea dagokigu".
Urgentea izaten segitzen du giza laguntza iristea Gazara eta era berean Israelekin harremanak etetea ere bai: "Genozidio ekonomikoaren bidez irabaziak eskuratzen ari diren enpresa eta eragileei lekurik ez uzteko pausuak eman behar dira". Genozidioa normalizatzeari utzi eta erantzuleak inpunitaterik gabe gera ez daitezen exijitu behar dela diot, eta hori Nazioarteko legeria betez egin daitekeela izan dute gogoan. Genozidiorik ez eta gerrarik ez oihukatzeko deia egin dute Gernika Palestina eta Yala Nafarroak. Gernikaren bonbardaketaren 89. urteurrenean Donostiako kaleak bete nahi dituzte: "Manifestazio zabal eta transbertsala izatea nahi dugu. Sektore eta norbanako askoren atxikimendua jaso dugu dagoeneko eta auzolanean eraikitako protesta izatea ere nahiko genuke". Nahi duenak bat egin dezake eta izen eman Gernika Palestina elkartearen webgunearen bidez. Apirilaren 25ean izanen da manifestazioa Donostian. 17:00etan aterako da Alderdi Ederretik.