Jauntsaratsen jarri du martxan Kata Gartziak Jan Talo izeneko janari postu mugikorra. Food truck honetan taloa da ardatza, baina ohiko eskaintzatik harago joan nahi izan du, bertako produktuak, errezeta berriak eta aukera dietetiko anitzak aintzat harturik. Txistorra edota oilaskoa osagai nagusi dituzten proposamenez harago, aukera begetariano eta beganoak eskaintzen ditu, baita glutenik gabeko proposamenak ere.
Jan Talo postuko osagai aunitz ekologikoak dira, eta bereziki, artoaren jatorriari erreparatu nahi izan diote. Garrantzitsuena bertako artoa lortzea zen, baina Basaburuan arto-ekoizlerik ez denez Ipar Euskal Herrira jo zuten. Euskal arto gorria berreskuratzeko lan berezia gauzatu dute urteotan Nafarroa Behereko hainbat etxaldek. Hain zuzen ere, Pagolako (Nafarroa Beherea) ekoizle bat da haien ohiko hornitzailea. Arto hori Ipar Euskal Herrian berreskuratzeko egiten ari diren lanari balioa eman nahi dio Jan Talok, eta Zubietako errotan ehotzen dute irina.
Bezeroei egunero azaltzen die zein arto motarekin egindako taloak eskaintzen dituzten, eta horrela kontzientzia piztu nahi du tokiko barietateen galeraz. Taloa barneko betekiaren errezetak sasoiko produktuekin egokitzen du, baina oro har, honakoa atzematen ahalko du kontsumitzaileak: txistorra, oilaskoa, tipula potxatua, gazta, etxeko hummus zein guakamolea edo txokolatea, besteak beste.
Momentuz Jauntsaratsen dago ostiral eta larunbat arratsaldetan, baina gurdia ibiltaria izanik, herriz herri mugitzeko asmoa du. Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso du egitasmoak, eta harrera aparta egin diote basaburuarrek. Jan Talo, horrela, tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituen proposamen ibiltaria bihurtu da Basaburuko bihotzean.