Hirugarren ekitaldi ofiziala egin du Gobernuak azken urtean aitortutako 81 biktima omentzeko

Euskalerria Irratia 2026ko apirilaren 16a

Txaro Etxetxipiak hartu zuen hitza biktimen izenean.

Segurtasun indarren eta eskuin muturreko taldeen azken urtean aitortutako 81 biktima omendu ditu Nafarroako Gobernuaren Erreparazio Batzordeak, gehienak torturatuak. Ana Ollo presidenteordeak azpimarratu du hamar urtez egindako bidea "oztopoz betea baina sendagarria" izan dela, tortura "ezkutatzen zuen gizarte batean aurrean" egina

Aitortza bakoitzaren atzean istorio eta prozesu luze bat dago, eta, ebazpenen bidez, salatutakoa hala izan zela aitortu die ofizialki Nafarroako Gobernuak. Azken hamabost hilabeteetan aitortutako 81 biktima horien izenean hitz egin du Txaro Etxetxipia artazuarrak: "Inoiz ez nuen pentsatuko berrogei urteren ondoren aitortu eginen zutela tortura pairatu nuela". Eskertuta mintzatu zen atzoko ekitaldian Etxetxipia. Uste du, garrantzitsua dela egiten ari diren bidea, bereziki etorkizunari begira jarri eta erepika ez dadin ziurtatzeko. 

Jendaurreko ekitaldi bat egin zuen atzo Gobernuak aitortza horiek guztiak gizartearen aurrean aurkezteko eta biktimak omentzeko. Baluarteko aretoan, biktimak eta haien senideak elkartu dira, bai eta erakundeetako eta elkarteetako ordezkaritza zabal bat ere. Hori egiten duen hirugarren aldia da. Orain arte, Erreparazio Batzordeak 122 kasu aitortu ditu —horietarik 65 iaz, eta beste hamalau aurtengo lehen hiru hilabeteetan—. Gainera, beste ehun eskaera inguru jaso dituzte, eta horiek tramitatzen ari da batzordea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!