Nafarroako Munduko Medikuak erakundeak txostena aurkeztu du gaur. Iaz, 73 pertsonak modu bateko edo besteko oztopoa izan zuten osasun arreta eskaera egin zutenean: "Bost muga motarekin egin dute topo herritarrek osasun arreta behar izan dutenean: administratiboak, fisikoak (landa eremuetan bereziki), ekonomikoak (botika edo tratamenduak jasotzerakoan), informatiboak (hizkuntzagatik ez direlako ulertu) eta kulturalak", esan du Maria Flamarique Nafarroako Munduko Medikuak erakundeko kideak. Osasunaren unibertsaltasuna praktikan bermatu gabe dagoela oraindik ondorioztatu dute Osasunik gabe bizitza gelditu egiten da txostenaren emaitzekin. Eta argi dute ez direla kasu isolatuak, egiturazko oztopoak direla: Osasun-txartela kasu askotan muga administratibo bat bihurtu da eta horrek zehazten du nor sar daitekeen sismetan modu normalizatuan eta nor geratzen den kanpo". Izan ere, osasun-sarbidean arazoak izan dituzten herritarren artean %80ak ezin izan du osasun-txartela eskuratu eta hori da hain zuzen ere sarbidean oztoporik nabarmenena.
Flor de Afrika erakundeko kide da Djamila Djalo: "Hona iristen garenean ez dakigu nola funtzionatzen duen sistemak berak, ez dakigu zein pausu eman behar diren sarbidea izateko, ez dakigu ordainaraziko diguten edo zer nolako tramiteak egin beharko ditugun", adierazi du. Ezjakintasuna dute eta horri gehitu behar zaio hizkuntzarekin zailtasunak dituztela eta bidea ez zaiela batere erraz jartzen. "Ez dugu beste inork baino baliabide gehiago nahi, beste edozeinek dituenak baino ez ditugu eskatzen. Osasun arreta eskubide unibertsala bada betearazi egin behar da", exijitu du. Osasun arreta behar dutenean eta ez dutenean jasotzen ondorioak errealak dira: tratamendurik gabe egoten dira, konfiantza galtzen dute sistemarekiko eta beste. Osasun arreta beraz, ez da oraindik herritar guztiengana iristen, jakinarazi dute.
Txostenean jaso ditu Munduko Medikuak erakundeak osasun-sistemarako sarbide erreala eta bidezkoa ziurtatzeko neurri-proposamenak: erroldatzearen eskakizun sistematikoa ezabatzea, osasun-txartela lortzeko izapideak erraztea, sendagaiak eta tratamenduak eskuratzeko aukera indartzea, sistemarako irisgarritasun fisikoa hobetzea eta hainbat hizkuntzatan informazio argia eta eskuragarria bermatzea.