Mugimendu feministak Sanduzelai auzoan bertan egin zuen atzo elkarretaratzea: "Nazkatuta eta amorratuta gaude, hamar egunetan Euskal Herrian bi erailketa matxista eta beste erailketa saiakera bat izan dira. Aski da! Noiz arte iraungo du honek? Euskal Herrian indarkeria matxistak emakumeak* emakume* izate hutsagatik erailtzen ditu!". Gogoratu dute, halaber, indarkeria matxistak ez dituela gorputz guztiak modu berean gurutzatzen, eta arrazakeriak indarkeria areagotzen duela, "emakume*, migratu eta arrazializatuak sistematikoki babesgabe uztera arte". "Erregularizazioaren menpekotasuna, eta baliabideetarako sarbiderako oztopoak ez dira kasualitatea: politika arrazisten ondorio zuzena dira", esan dute.
Instituzioen "erantzukizun falta" seinalatu dute, eta adierazi horien ardura dela emakumeak artatzea, baliabideak beren esku jartzea eta kasuen jarraipena egitea; emakumeak* haien erasotzaileekin bakarrik uztea arduragabekeria baita. Iruñekoa zenbatuta, 2003az geroztik 136 emakume eta hamahiru haur hil ditu indarkeria matxistak. Haietatik lau aurten.