37 urteko emakume bat hil zen Iruñeko Sandulezai auzoan, etxe bateko hirugarren solairutik erorita. Iruñeko Udaltzaingoak gizonezko bat atxilotu du, emakume horrengandik ezarritako urruntze agindua urratzeagatik; zer gertatu den ikertzen ari dira. Hain zuzen, gertatutakoa argitu artean, «zuhurtzia» eskatu du Iruñeko Udalak. Horrekin batera, babesa helarazi diete hildakoaren familiari eta lagunei. Euskal Herriko mugimendu feministak eta Itaia emakumeen antolakunde sozialistak, berriz, hilketa matxista salatu dute. Atzo Iruñeko Udaletxe plazan egin zuen elkarretaratzea Itaiak, gaur Sanduzelain eginen du Mugimendu Feministak 20:00etan.
Iruñekoa zenbatuta, Euskal Herrian 2003az geroztik 136 emakume eta hamahiru haur hil dituzte gizonek. Emakume horietatik lau aurten izan dira, bi Nafarroan: Sarrigurenen otsailean 28 urteko emakume bat eta Sanduzelain igandean 37 urteko emakumea. Iaz, berriz, zazpi emakume eta adingabe bat hil zituen indarkeria matxistak.