Nafarroako Gobernuak adierazi du indarkeriaren "deslegitimazio irmoa" eta testuinguru biktimologikoen "ikuspegi integrala, parekatzerik eta diluziorik gabea" abiapuntu hartuta, aurrera egiten duela "biktima guztien errekonozimenduan eta erreparazioan, bizikidetzaren eta memoria demokratikoaren aldeko apustu global eta koherentearen barruan, eta II. Bizikidetza Planarekin eta indarrean dagoen arau-esparruarekin koherentea den bakean oinarritutako gizartea eraikitzearen alde". Horregatik eginen du beste ekitaldi publiko bat biktima horiek aitortzeko heldu den apirilaren 15ean Baluarten.
16/2019ko Foru Legearen 7. artikuluak jasotzen du aitorpen instituzional eta soziala egin behar zaiela biktimei jaso duten eskubide urraketagatik eta Nafarroako Gobernuak formula instituzional horren bidez gauzatzea erabakia du. Formula horren lehen adierazpena 2024ko maiatzean izan zen, prozesuaren hasieran eta lehen hamabi biktimak aitortzeko hasierako ekitaldia egin zuen. 2025eko otsailean, bigarren ekitaldi publiko bat egin zuten, eta 2024an aitortutako 41 biktima gonbidatu zituen. Hirugarren ekitaldian, apirilaren 15ean Baluarten eginen den horretan, 2025ean aitortutako 65 biktimak eta 2026ko lehen hiru hilabeteetan aitortutako beste 16 biktima sartuko dira.
Aitortza gehiago iritsiko dira
Nafarroako Gobernuak adierazi du prozesuak, biktimak aitortzen dituenak, aurrera jarraitzen duela; izan ere, Batzordeak hainbat garai eta tipologiatako eskaerak jasotzen jarraitzen du, hala nola tratu txarrak eta torturak, funtzionario publikoen hainbat jarduketaren ondoriozko kalte fisiko eta psikologikoak, eta eskuin muturreko taldeen eraso edo atentatuak. Eskaerak 2027ko uztailera arte jaso ahal izanen dira – legearen eta dagokion foru aginduaren arabera –, eta "1950eko urtarrilaren 1etik aurrera izandako ekintzen biktimentzat, aurkezten den unera arte".
Orain arte, gobernuak 122 aintzatespen jakinarazi ditu, eta ehun eskaera inguru izapidetze-fase desberdinetan daude, Batzordeak berak Legebiltzarrari bidalitako urteko txostenean jasotzen denez. Txosten hori otsailaren amaieran aurkeztu zuen Martin Zabalza presidenteak eta Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusiak Legebiltzarrean.