UPNk Laugarren Xedapen Iragankorra Espainiar Konstituziotik ateratzeko ekimen bat aurkeztu du Madrilen, eta horrela jakinarazi zigun haien presidentea, Cristina Ibarrola.
Hori dela eta, atzotik ona, sareetan eztabaida nahikotxo mugitu da, saiakera honen inguruan, bere oinarri historikoaren inguruan, sistema demokratikoaren inguruan…
Beraz, emango diogu bueltatxo bat gure historiari, Hegoalde bateratu bat lortzeko beste saiakera batzuk ikusiz, eta horrela ulertuko dugu nola UPNk ez du ulertzen ez Nafarroako historia, ezta bere espazio politikoarena ere!
Xedapena
Baina, zer da Laugarren Xedapen Iragankorra?
Modu oso laburrean, Espainiar Konstituzioan dagoen atal bat da, zeinetan Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak Autonomia Erkidego bateratu bat osatu dezaketela biltzen da. Aipatu beharra dago, gainerako autonomia erkidegoak ezin direla federatu, bakar bat sortzeko. Beraz, kasu hau salbuespen bat bezala lantzen da.
Lizarrako estatutua
Hegoaldeko lurrak, bateratuak egon dira behin baino gehiagotan, antzinaroan, Erdi Aroan zehar, Karlistadetan… Baina espainiar instituzionalitatearen barnean lehenengo saiakera Lizarrako Estatutua izango da 1931n.
Maiatzaren 31n aurkeztuko da lehenengo dokumentua: Estatu Euskaldunaren Estatutu Orokorra. Estatutu honetan, Euskal Estatu baten sorkuntza aldarrikatzen zen, Hegoaldeko lau herrialdeetan, betiere Espainiar Estatuaren barnean, hau da, Katalanek egingo zuten bezala errepublikan zehar.
Lehenengo testu honetan, izena Euzkadi izango zen, Bertan, gobernu zentralak kontrol osoa izango luke nazioarteko gaietan, komunikazioetan, monetan, merkataritza zuzenbidean eta zuzenbide penalean, Elizaren eta Estatuaren arteko harremanetan, hauteskunde nazionaletan eta, oro har, indar armatuetan. Gainerako gai guztiak Euskal Estatuaren esku geratuko litzateke, indar armatu propio bat osatuz (euskal miliziak).
Proiektu honen lehenengo idazkiak Hegoaldeko udaletxeen babes masiboa jaso zuen, 520 udaletxetik 480k babesa eskaini zioten.
Beraz, gauzak horrela, Lizarran deitu zen udaletxeen batzar orokor bat, ekainak 14arekin. Batzar honetan, puntuz puntu eztabaidatu zen Estatutuaren proiektua, delegazio guztien babesa lortuz. Hala ere, aipatu beharra dago modifikazio garrantzitsu bat egin zela. Estatutuaren zati berri batek autonomia osoa ematen zion Euskal Estatuari Vatikanoarekin, hau da, Egoitza Santuarekin, harreman zuzenak izateko, Espainiar Estatutik pasa gabe.
Nafarren datuak begiratuta, badakigu Abuztuaren 10ean deituriko Nafarroako Udal Batzarrean %89,9ak bozkatu zuen Euskal Estatutuaren alde, gainerakoek beste aukera marjinalak bozkatuz. Hau da, Hegoalde bateratu bat osatzeko estatutuak izugarrizko babesa izan zuen nafarron artean, baita hiru probintzien artean ere. Beraz, non dago arazoa?
Ba Espainiako Errepublikarentzat, arazoa Egoitza Santuarekin sortu behar ziren harremanak ziren. Indalecio Prieto sozialistarentzat, adibidez, Gibraltar Vatikanista bat sortzea bezala zen, lurralde foralak izandako eskualdeetan.
Irailaren 22an 420 alkatek osatutako ordezkaritza bat (horietatik 156 nafar) Madrilera joan zen, Niceto Alcalá Zamora behin-behineko Gobernuko presidenteari estatutu proiektua entregatuz. Irailaren 25ean eta 26an batzordean eztabaidatu zen Gorteetan, eta bertan erabaki zen Elizaren eta Estatuaren arteko harremanei buruzko artikulua konstituzioaren aurkakoa izango zela, eta, beraz, atzera bota zuten estatutua bere osotasunean.
Honen ostean, Gestoren Estatutua iritsiko da. Bigarren saiakera honetan, aldaketa batzuk eman ziren, arazo batzuk sortu zituztenak:
1. Zentralistagoa zen estatutu bat, “Euzkadiri” lurralde foralen autonomiaren zati handi bat emanez
2. Estatutu laizista bat, elizarekin harreman propioak izan gabe
Eta errealitate honek, beste hainbat arazo ekarri zituen:
1. Karlisten interes falta, elizaren kontuarengatik
2. Erriberako hainbat figuren erresistentzia, zentralismo gehiago ikusteagatik
Azkenean, Estatutuak ez zuen lortu babesa Nafarroan, eta Euskadin jarraitu zuten aurrera haien kabuz.
UPN-ren eta nafar espainolismoaren posizioak
Bukatzeko, aipatu beharra dago nafar espainolismoak posizio desberdinak izan dituela. Besteak beste, Jaime Ignacio del Burgo, edo jada existitzen ez den Convergencia de Democrátas de Navarra, mantentzearen alde egon direnak beti.
1. Jaime Ignacio del Burgo: “Nafar herriak bakarrik du eskubidea erabakitzeko ea onartzen duen ala ez Nafarroaz gaindiko botere politikoa existitzea”
2. CDN: Nafarroa defendatzeko modu hoberena xedapen iragankor honetan dago
3. Cristina Ibarrolaren alderdiak bere posizioa nahiko finkatua izan du, baina horrek ez du esan nahi espainolismo guztiak hori pentsatzen duenik!
Ze garrantzitsua den historia ezagutzea!