GIZALABAK

Josefina Castellví, Antartikara iritsi zen lehen kataluniarra

Euskalerria Irratia 2026ko otsailaren 17a

Josefina Castellví, edo Pepita, itsas biologoa izan zen. Antartikara egindako hainbat espediziotan parte hartu zuen, eta Livingston uharteko base espainiarra zuzendu zuen 1989tik 1993ra. Bakarne Atxukarrok bere biografia berreskuratu du Gizalabak sekzioaren atal berrian 

Josefina Castellví, edo Pepita, itsas biologoa izan zen. Antartikara egindako hainbat espediziotan parte hartu zuen, eta Livingston uharteko base espainiarra zuzendu zuen 1989tik 1993ra.

Bartzelonan jaio zen 1935ean. Biologian lizentziatu zen 1957an, eta itsas mikrobiologian eta ozeanografian espezializatu zen Sorbonako Unibertsitatean (Parisen), garai hartan Katalunian edo estatu osoan horrelako formakuntzarik ez zegoen eta.

Etxera itzuli zenean, Itsasoko Zientzien Institutuan lan eske joan zen, itsasoko bakterioak ikertzera. Baina ez zioten lanik eman, emakume bat ezin zelako itsasontzira bakarrik joan ezta itsasoa mehatzera ere.

Hori ikusita, doktorego-tesia egitea erabaki zuen, gero irakaskuntzan aritzeko. Dirudienez, hori hobeto ikusia zegoen emakume batentzat.

Horrela, Bartzelonako Unibertsitatean biologia zientzietan doktoratu zen eta CSICeko ikerketa irakasle bihurtu zen. Bertan Antoni Ballester ezagutu zuen.

Ballesterrek urteak zeramatzan Espainiako gobernua konbentzitu nahian Antartikara espedizioak antolatzeko eta han base zientifiko bat ezartzeko, baina inolako emaitzarik gabe. Horregatik, Antartika aztertzeko, beste herrialde batzuekin akordioak lortzen zituen eta bere espedizioekin bat egiten zuen.

1984an Argentinako espedizio ozeanografiko batean parte hartu zuen eta CSICeko bi lankide zientifiko gonbidatu zituen, Marta Estrada eta Pepita Castellví. Horren ondorioz, kontinente izoztua zapaldu zuten lehen bi emakume espainiarrak bihurtu ziren.

Bi urte geroago, zientzialari poloniarrek beste espedizio antartiko bat antolatu zuten Kataluniako beste zientzialari batzuekin, besteak beste, Ballesterrekin. Eta honek Berarekin joateko proposatu zion Pepitari. Eta berak baietz, noski.

Espedizio horren ondoren, Ballesterrek berriro ekin zion gobernuari Antartikan base bat sortzeko beharrari buruz. 17 urte zeramatzan horretan. Eta oraingoan berriz esan zioten ezetz.

Baina, handik hilabete gutxira, Itun Antartikoan polemika bat sortu zen, herrialde batzuek herrialdeen artean Antartika banatu nahi zutelako, eta beste batzuek, berriz, Gizateriaren ondare izendatu nahi zutelako. Espainiak Gizateriaren Ondare izatea nahi zuen, baina ezin zuen bozkatu, ez baitzuen kontinente izoztuan ezarritako base zientifikorik. Orduan Espainiak Ballesterri eskatu zion ezartzea ahalik eta azkarren. Hiru hilabeteko epea eman zion.

Ballesterrek berriro deitu zion Pepitari laguntzeko, eta berak segituan onartu zuen proposamena.
Poloniako zientzialarien gomendioei jarraituz, Livinstong uhartea aukeratu zuten kokaleku gisa, han ez zegoelako elur-jausien arazorik, urtze garrantzitsu bat zegoelako eta ur hori basean bizitzeko erabil zezaketelako.

Hiru hilabetetan martxan jarri zuten eta lehendabiziko kanpaina bukatu ondoren, Ballester Poloniara joan zen lagunak ziren hango zientzialariei eskerrak ematera  eta lankidetza-hitzarmen bat sinatzera proiektuak aurrera jo zezan. Baina han iktus bat jasan zuen eta Antartika betiko utzi behar izan zuen.

Orduan Pepitak erabaki behar izan zuen baseko zuzendaritzaz arduratu ala Bartzelonara itzuli laborategiko ikerketekin jarraitzeko. Ez zen batere erraza izan, zuzendaritza hartzen bazuen ikerketatik urrunduko baitzen kudeaketan  gehiago zentratzeko. Baina, azkenik, hori hartu zuen. Bide gogorra egina zegoen base bat izateko Antartikan, eta bertan behera ezin zuen utzi.

Horrela, 1989tik 1993ra Livingston uharteko Base Antartiko Espainiarra zuzendu zuen, eta Antartikako base zientifiko baten arduradun nagusia izan zen munduko lehen emakumea izan zen.

10 urtetan 8 kanpaina zientifiko egin zituen Antartikan. Bere bidaiak erokeria ziren. Txileko hegaldi militar bat hartzen zuen, eta gero, Txile hegoaldean, Espainiako Armadaren itsasontzia hartzen zuen. Ontzi horrekin Drake pasabidea igaro behar zuen, Ozeano Bareko eta Atlantikoko urak lotzen dituena. Bertan, 10 metrorainoko olatuak eta 150 km/h-ko haize-boladak sortzen ziren hainbat egunetan.

Diotenez, Josefinak eraman behar zituen gauza guztiak behin eta berriz errepasatzen ematen zuen bidaia hura, haren mende baitzegoen, ez bakarrik jendeak jatea, edo hotzak hil gabe lo egitea, baizik eta ikerketa-proiektu guztiak aurrera ateratzea.

Zuzendaria izan zen urteetan, hainbat ikerketa egin ziren: flora eta fauna, geologia, fitoplanktona, etab. Baina bere obsesioa beti izan zen irratiak funtzionatzea, eguraldiaren aurreikuspena eta motorrak; izan ere, hiru gauzetako batek huts eginez gero, norbait hil zitekeen. Hori oso argi zeukan.

Kanpainen ondoren etxera itzultzen zenean, asko kostatzen zitzaion aklimatazioa, zaratari batez ere. Gainera, inork irakurriko ez zituen txostenak idatzi behar zituen, eta Antartika inoiz zapalduko ez zuen jendearekin bildu behar zuen, hari buruzko erabakiak hartzeko, hain zuzen ere. Horrek guztiak nekatu egiten zuen. Baina bidaia haiek Ballesterrekin elkartzeko eta aurrerapen guztien berri emateko ere balio zioten.

1994an Bartzelonara itzuli zen behin betikotasunez, Itsasoko Zientzien Institutua zuzentzera. Eta han aritu zen erretiroa hartu arte.

Erretiroa hartu ondoren, ozeanoei eta Antartikari buruzko dibulgazio zientifikoko jarduerak egiten jarraitu zuen.

2013an, 77 urte zituela, Albert Solék idatzi eta zuzendutako 'Els records glaçats' dokumentala filmatzeko bidaiatu zuen azken aldiz. Bertan, Castellvík lehen pertsonan azaldu zuen planetaren hegoaldean egin zuten ikerketaren hasieraren historia.

Ozeanografo kataluniarrak Bartzelona Hiriko Urrezko Domina (1994), Sant Jordiko Gurutzea (2003), IECko Ingurumen Saria (2006), CONCAren Sari Nazionala (2013) eta Kataluniako Generalitatearen Urrezko Domina (2021) eskuratu zituen.

2024an, Bartzelonako Bon Pastor liburutegiari Josefina Castellví izena jarri zioten, ozeanografo eta biologo bartzelonarraren omenez. Esquadra Mossoen itsas unitateko ontzi batek ere bere izena darama.

Pepita aurtengo otsailaren 2an hil zen, Bartzelonan, 91 urterekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!