The thing 1982an John Carpenterrek zuzendutako beldurrezko eta zientzia-fikziozko filma da. John W. Campbell Jr.-en 1938ko eleberrian oinarritua dago, “Who Goes There?” izenekoa. Kontakizuna 1951n pantailara eraman zen lehen aldiz Christian Nybyk zuzendutako “The Thing from Another World” filmean. Carpenterrek film hori miresten zuen, baina obra originalaren egokitzapen fidelagoa egitea erabaki zuen, eta horren emaitza da gaur hizpide izango dugun filma.
‘The thing’ filmak gizonezko zientzialari talde baten istorioa kontatzen du, Antartikako ikerketa postu isolatu batean kokatuta daudenak. Bertan daudenean estralurtar izaki bat agertzen da, ez dakitena zehazki zer den, eta horregatik “the thing” deitzen diote: gauza. Izaki horrek ikerketa postuan daudenen barruan sartzeko gaitasuna du, eta imitazio perfektuak egiten ditu. Hau da, izakia bakarrik ikusten da trantsizio momentuetan, gorputz berria berenganatzen duenean: behin barruan dagoenean, besteek ez dute sumatzen aldaketarik. Gauzak egindako imitazio perfektuak ikusita, paranoia eta izu giro batek berehala pozoitzen du egoera. Pelikulan zehar pertsonaiak jarraitzen ditugu, izakia identifikatzen saiatzen diren bitartean.
Carpenter-ek nahita harrapatzen ditu protagonistak munduko eremu isolatuenean: Antartikan. Paisaia etsaikorra da, ihes egiteko aukera deuseztatzen duen izotzezko basamortua. Beldurrezko eszenatoki perfektua klaustrofobikoa eta barne eremu batekoa da normalean (eta ikerketa eremua horrelakoa da), baina pelikulak ongi funtzionatzen du ere eremuak duen irekitasunagatik; giroa ia lasaiegia da, inguruan ezer ez dagoelako eta protagonistak ezin direlako erreskatatu: ez dago ihesbiderik. Ikerketa zentroan geratzen badira hil egiten dira, eta ihes egiten badute hil egiten dira. Baina izaki estralurtarra ez da mehatxu nagusia: mesfidantza da etsaia. Pertsonaiak barruan harrapatuta daude, eta elkarrekin lan egitea eta konfiantza izatea da egin dezaketen gauza bakarra. Baina hori egitea gero eta zailagoa da izakiak lankideak hartzen dituenean: ez dakite nor dagoen hartuta eta nor ez. "Nola dakigu nor den gizakia?", dio pertsonaietako batek une batean.
Munstroa eratzeko efektu praktikoak erabili zituzten noski, eta nahiko iraultzaileak izan ziren: oso beldurgarriak eta deserosoak dira hartzen dituen formak. Baina soilik agertzen da izakia bere ezkutalekutik ateratzera behartzen dutenean, filma istorioaren alde gizatiarrean zentratzen delako. Estralurtarra inguruko guztiak engainatzeko gai da: edonor izan liteke.
Beldur eta paranoia sentsazio etengabea dago, zeure buruaz bakarrik fida zaitezke. Kurt Russell aktorearen RJ MacReady pertsonaia da egoera horretan berekoikeria edo bizirik ateratzeko nahi hori guztiz gorpuzten duen pertsonaia. Ez da akzio pelikuletan agertzen den heroi ausarta, lankideak babesteko helburua duena. Horren ordez, bere burua babesten duen pertsona errealista da: behar den guztia egiten du bizirik ateratzeko. Hasieratik ikusten du ezin dela inorekin fidatu, eta, beraz, besteak gai badira berarekin batera bizirik irauteko: bikain! baina ez da bere kezka nagusia. Otso bakarti horren beste aldean Childsen pertsonaia dago, Keith David aktoreak antzeztutakoa. Elkarrekin mesfidantzaren gaia gorpuzten dute: antagonikoak dira bizi duten egoerarengatik eta horri nola erantzuten dioten moduarengatik. Publiko gisa ere ezin gara MacReady berarengan fidatu; izan ere une batean taldeko kide bat hiltzen du: gizakia zen ala estralurtarra zen? "Orain inork ez du konfiantzarik inorengan, eta oso nekatuta gaude denok", dio protagonistak.
Oraindik mesfidantzazko giroa dago filma amaitu eta gero: ez dugu jakiten bizirik atera direnak gizakiak diren ala ez, eta haiek ez dute inoiz jakingo, ezin dutelako paranoia hori askatu. Oso amaiera iluna da. Filmak gizakia munstroaren kontraren ideia hura guztiz desbideratzen du, eta gizakien arteko mesfidantzan jartzen du indarra. Istorioak, azken finean, kontatzen du beldurrak eta paranoiak nola eragin dezaketen harreman pertsonaletan eta elkarrekin lan egiteko gaitasunean.