GIZALABAK

Pliegoren alabak, Iruñeko lehenengo emakume argazkilariak

Euskalerria Irratia 2026ko otsailaren 3a

Esmeralda, Blanca eta Isolina Pliego Soler ahizpak estudio propioa ireki zuten 1924an. Bakarne Atxukarrok Iruñeko lehenengo emakume argazkilarien biografia berreskuratu du Gizalabak sekzioaren atal berrian 

Esmeralda, Blanca eta Isolina Pliego Soler ahizpak ziren, 1924an Iruñean estudio baten buru izan zirenak, eta bertako lehen emakume argazkilariak.

Aita Madrilen jaio zen. Argazkilari frantses batekin hezi zen. 1878an Iruñera etorri zenean, aita militarra zuen Carolina Soler umezurtza ezagutu zuen. Urtebete geroago ezkondu ziren, eta neskak umezurtza izategatik jasotzen zuen pentsioari esker, argazki-estudio bat irekitzea posible izan zuen, argi elektrikorik ez zegoen garaian. Hori zela eta, garai hartako argazkilariek eraikinen goiko solairuetan bizi behar izaten zuten, kristalezko txabolak edo kristalezko galeriak edukitzeko, lan egiteko aukera ematen zien argia kontrolatzeko gune fisikoak, alegia.

Pliegok gauza bera egin behar izan zuen, baina argi elektrikoa Iruñean erabiltzen hasi zenean, estudioa kale mailara jaitsi zuen lehen argazkilaria izan zen. Argazkilari nafar askoren hezitzailea izan zen: Mena, Roldán, Rupérez...

Senar-emazteek bederatzi seme-alaba izan zituzten, baina lau bakarrik  atera ziren aurrera: Esmeralda, Blanca, Emilio Carlos eta Isolina. Semea aitaren lekua hartzekoa zen, eta 14 urterekin hasi zen berarekin argazkilari lanean. Baina 24 urte zituela hil zen. Ordurako aitak 64 urte zituen, eta osasun ahula zuenez, alabek lekukoa hartu zioten.

Dirudienez, ordurako denbora asko zeramaten kolaborazioak egiten. Anekdota gisa esango dugu aita ABC egunkariko  korrespontsala  zela garai hartan. Baina semea hil ondoren, bidali zituen argazkiak Victor Pliego izeneko batek sinatu zituen, eta ez dago inor ez udal-erroldetan, ez industrialetan, ez garai hartako inolako dokumentutan izen hori zeukanik. Horregatik, ikertzaileek susmatzen dute argazki horiek Esmeraldak egiten zituela. Eta ez litzateke harritzekoa izango. Garai hartan, Emilio Pliego jada ez zegoen osasunez ondo -mihi-minbizi bat zuen, eta azken urteetan ezin izan zuen lanik egin-, eta baliteke alabek, aitak edo guztien artean Madrilgo prentsari gizonezko izen bat eskaintzeko ideia izatea, Madrilen inork ez baitzekien Pliegok alabak baino ez zituela.

Izan ere, ahizpek aitaren lekua hartu zutenean, hasieran ez zuten haren izena jartzen. Gero bai.

Ama eta aita urte gutxiko aldearekin hil zirenez, hiru ahizpak argazki-estudioaren buru jarri ziren 1924an, Hijas de Pliego izena hartuta eta aitaren herentzia eta ospea bereganatu zuten. Esmeraldak 46 urte zituen; Blancak, 45, eta Isolinak, 32.

Bertan erretratuak egin zituzten eta prentsa nazionalarekin (Heraldo de Madrid, Ahora, Estampa) eta tokiko prentsarekin (Diario de Navarra, La Voz de Navarra, La Avalancha) kolaboratu zuten.  Lanbide horretan eman zituzten urteetan, zezen-plaza, Nekazal Laborategi Kimikoa, abokatu gazteak, hala nola María Lacunza, edo 1927an Madrilera Beethovenen mendeurrenean kantatzera joan ziren Iruñeko Orfeoiko kideak erretratatu zituzten. Ezkontzak, sanferminak, Artaxoako futbol partidua, Erronkariko eran jantzitako neskatoak... Hau da, estudioan egoteaz gain, kalea irudikatzea gustatzen zitzaien.

Haien argazki asko komunikabideetan argitaratu ziren, eta ospea eta errekonozimendua eman zieten. Lan osoaren zati bat gorde da, nahiz eta jakin argazki asko galduta daudela, ziurrenik Iruñeko hainbat etxetan.

Estudioa Gaztelu plazako 22. zenbakian zegoen. Bigarren Zabalgunerantz irekitzeak, 1921ean zezen-plaza eta 1931n Gayarre antzokia botatzea ekarri zuen, baita Diputazioaren eta Nafar Kredituaren fatxadak birmoldatzea ere. Horren ondorioz, Pliego ahizpak alokatuta zeukaten etxebizitza eta estudioa desagertu ziren, eraikina 1924an eraitsi baitzen, eta, horrekin batera, estudioa.

Gainera, Esmeraldak etxeko istripua izan zuen, eta ikusmena galdu zuen; beraz, lanean jarraitzeko baldintza fisikoak oso txarrak zeuzkan. Orduan, Isolinak, ordura arte irakasle izan ez zenak nahiz eta titulua izan, bere ahizpak aurrera ateratzeko ardura hartu zuen. Horrela, Lodosara joan zen eskola bateko maistra gisa. Ahizpek lagundu zioten. Eta han geratu ziren.

Lodosan oso oroimen ona eta atsegina dute, baina han ez dakite argazkilari baten alabak zirela, ezta haiek argazkilariak zirela ere. Hirurak han hil ziren: Blanca, 1936an; Esmeralda, 1952an, eta Isolina, 1969an.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!