Familientzako euskarazko kalitatezko jarduerak eta zerbitzuak eskaintzeko asmoarekin sortu zen joan zen irailean Irauli, non eta Iruñeko bihotzean, Gazteluko plazan bertan, eta horretan dirau ordutik. Jon Bujanda proiektuko kideak azaldu moduan, espazioak haur eta guraso euskaldunen elkar ezagutza sustatu du hilabete hauetan. "Gure helburua eta asmoa hori izan da, asmo polita eta sakona, eta da familien eremuan euskararen erabilera astintzea".
Bujandarekin solastatzen aritu gara Irrintzi Plaza saioan, datozen jarduerei errepasoa emate aldera. Izan ere, ez dira txikia aurreikusita daukaten egitaraua. Aste honetan bertan, adinekoei zuzendutako ikastaroaren lehenengo gela irekia emanen da, Goizane Ardanazen gidaritzapean. Ostegunean izanen da hori, eta bi txanda egonen dira: 10:00etatik 11:00etara eta 11:15etatik 12:15etara. Proba egiteko lehenengo klase hau doakoa izanen da, ikastarora apuntatzeko inongo konpromisorik eskatzen ez duena.
Asteburuan bestelako jardueretan parte hartzeko abagunea egonen da, tartean neguko dioramak egiteko tailerra, Diana Arbonies La crafetera-k gidatuta. Larunbatean izanen da hori, urtarrilaren 31n, 17:00etatik 18:00etara. Otsaileko lehenengo asteburuari begira, familientzako Lego tailerra eta psikomotrizitate tailerra emanen dira. Ikastaro eta jarduera guztietako informazioa eta xehetasunak Irauliren webgunean aurkitu daitezke.