Joseba Irazokik gogotsu ekin dio 2026. urteari. urtarrilaren 21ean kontzertua eskainiko du Civicanen, Gitarra Lekeitioak izenburupean eta Pentagrama programaren barruan arratsaldeko zazpietan. Ez da bakarrik egongo, DJ AMSIAak soinu elektrikoagoa emango die Irazokiren abestiei.
Halaber, zigilu berriarekin hasi da lanean eta Gitarra Onomatopeikoa seriearen laugarren lana edo diskoa kaleratuko du berriki: Gitarra onomatopeikoa IV. Bost kantu izango dira, hainbat lagunen kolaborazioarekin: Niño de Elche, Elena Setién, Ihitz Iriart, Verde Prato eta Carlos Jimena. Antton Iturbek Berria egunkarian zera idatzi zuen proposamen berri honen inguruan: “Flamenko kutsutik zuberotar pastoraletara eta distortsio zaratatsuen ekaitzaren erdian sumatu daitezkeen ahots zerutiar delikatuetara. Doinu motzak, argazki lauso iradokitzaileak, askoz handiagoa izan daitekeen beste izakin musikal baten lehen seinaleen modura. Zentzu horretan, Gitarra Onomatopeikoa IV serie baten amaiera den ala beste baten ataria den ez dago garbi”. Joseba Irazokik berak ez du argi.
Irrintzi Plaza saioan Berako musikariaren proiektu berrien inguruan hitz egin dugu.