Gaur, zerura begira eta eguzkia energia-iturri gisa baliatzeko modua pentsatzen bizitza eman zuen gizalaba baten bizitza dakargu. Maria Telkes da bere izena, eta Hungariako kimikaria eta fisikaria izan zen, herritartasun estatubatuarra zuena, eta, besteak beste, lehen ur- gezatzailea, lehen eguzki-berokuntza sistema eta lehen eguzki-labea diseinatu zituen.
1900eko abenduaren 12an jaio zen Budapesten, Hungarian. Kimikan eta Fisikan lizentziatu eta doktoratu zen Budapesteko Unibertsitatean, eta irakasle aritu zen. Baina, lanpostu horretan urtebete eskas zeramanean, 25 urterekin, Estatu Batuetara emigratu zuen bere karrera profesionala bertan egiteko.
Lehen urteak organismo bizidunen zelulen konexio elektrikoak ikertzen eman zituen, eta bere lehen asmakuntza sortu zuen: garuneko uhinak erregistratzen zituen gailu fotoelektriko bat.
Handik gutxira, Estatu Batuetako hiritartasuna lortu ondoren, Massachusettseko Teknologia Institutuan hasi zuen bere karrera, garapenerako ingeniari gisa. Bertan, eguzki-energia kontserbatzeko proiektu batean ikertzaile gisa lan egin zuen. Helburua etxerako berokuntza-sistema bat diseinatzea zen, erregai fosilen mende egon beharrean, eguzki-energiaren mende bakarrik egongo zena. Hala ere, bere plana atzeratu egin behar izan zen, Bigarren Mundu Gerra piztu zen eta.
Jakina denez, gerrek garapen zientifikoa erraztu ohi dute. Eta kasu hori ez zen salbuespen bat izan. Gerrak iraun zuen denboran, Mariak itsasoko ura gatzgabetzeko/gezatzeko eta kontsumorako ur egokia lortzeko gai zen eguzki-sistema eramangarri baten prototipoa diseinatu zuen. Gailu horrek gerran Ozeano Barean lehorreratutako pilotu eta itsasgizon asko deshidratazioagatik hiltzea saihestu zuen. Bere asmakizuna, patentatua izan zena, denborarekin larrialdi militarreko kit estandarren funtsezko zati bihurtu zen.
Gerra ostean, Mariak garapen-ingeniari gisa egindako lanari ekin zion berriz ere. Eguzki-energia eskuratu, metatu eta eraldatzen ahalegindu zen, erregai fosilak ordezkatu ahal izateko.
Bere proiekturik nabarmenetako bat Dover eguzki-etxearen berokuntza-sistema izan zen, 1940ko hamarkadaren amaieran, etxebizitza bat eguzki-energiaz besterik ez zuena berotzen.
Etxeak bi logela eta hemezortzi leiho zituen bigarren solairuan, hegoaldera begira. Leihoen atzean, eguzkiak berotzen zituen beirazko eta metalezko panelak ezkutatzen ziren.
Urte batzuk geroago, lanpostuz aldatu eta New Yorkeko Unibertsitateko ingeniaritza ikastetxera joan zen. Han, gatzgabetzaileak, berokuntza-sistemak eta eguzki-labeak lantzen jarraitu zuen. Bere eguzki-labeak merkeak, sinpleak eta eraikitzen errazak ziren. 1954an, Ford Fundazioak 45.000 dolarreko dirulaguntza eman zion, garatzeko bidean zeuden herrialdeetarako eguzki-labeak egin zitzan. Bi baldintza bete behar zituzten: 175 ºC-ra iristea eta erabiltzen errazak izatea. Mariak diseinatuak, 205 ºC-ra iristeko gai zenak, gaur egun arte iraun du, gaurko eguzki-labe konbentzionalak garai hartan diseinatu zituenen oso antzekoak baitira.
Erakunde publikoetan hainbat urtez ikertu ondoren, Mária Telkesek eguzki-teknologien garapena sustatzen zuten enpresa pribatuetan lan egin zuen. Eguzki-lehorgailuetan eta kanpoko espazioan eguzki-sorgailu termoelektrikoak erabil zitezkeen ikertu zuen.
Horrez gain bai espazioan, bai itsaspean, muturreko tenperaturetatik babesteko erabil litezkeen materialak ere landu zituen.
1970eko hamarkadan, gaueko hotza gordetzen zuten aire girotuko sistemak diseinatzen lan egin zuen, hurrengo eguneko beroari aurre egiteko erabiltzeko. Sistema horien helburua zen udan energia-eskaria murriztea eta energia-horniduraren etenen eragina murriztea.
1978an, ikerketatik erretiratu zen, baina aholkularitza-lanetan jarraitu zuen 1992ra arte, gutxi gorabehera.
Eguzki-energiaren biltegiratzearen alorrean egindako ekarpen aitzindariei esker, Telkesek dozena bat sari jaso zituen, eta hogei bat patente erregistratu zituen bere bizitzan zehar.
Bizitza osoa eguzki-energiaren aldeko trantsizio energetikoan eman ondoren Estatu Batuetan, 1995ean itzuli zen bere jaioterrira, Hungariara, atzerrian 70 urte eman ondoren. Bisita bertan hil zen, 94 urte zituela.