Emakumeak Zientzian proiektuaren hamargarren edizioa otsailaren 3tik 11ra eginen da

Miren Mindegia Petrirena 2026ko urtarrilaren 19a

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko egunaren karietara egitarau zabala antolatu dute EAE-ko 34 zientzia erakundek

Otsailaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izanen da. Egun hori miran, zientziaren jakintza eta dibulgazioarekin lotutako Euskal Herri osoko erakundeek egitarau zabala prestatuko dute. Horietako nabarmenetako bat da, zalantzarik gabe, Emakumeak Zientzian proiektua, aurten bere hamargarren edizioa eginen duena. Sortu zenetik hamar urte igaro direnean, alta, proiektuak baieztapen argi bat berresten du: aurrerapausoak eman diren arren, desberdintasunak oraindik ere nabarmenak dira zientziaren arlo guztietan. 

“Marea bizi bat ekarpen txiki askoren baturatik sortzen da; elkarrekin mugimendua eragiten dute. Ez dago pertsona bakar baten edo ekintza bakar baten menpe. Hori da, hain zuzen, Emakumeak Zientzianen espiritua: sarean lan egiten duen proiektu bat, emakumeen parte-hartzea bultzatzen duena, gizartearekin konektatutako zientzia irekiago eta bidezkoago baten alde egiten duena, eta estereotiporik gabeko bokazio zientifikoak pizteko lan egiten duena”, azaldu du Emakumeak Zientzianeko antolakuntzak.

“Marea bizia gara” ez da lelo hutsa, proiektua ulertzeko eta aurrera egiten jarraitu nahi duen bidea marrazteko modua baizik. Elkarlanetik, konpromisotik eta zientzia anitzago batek zientzia hobea dakarrelako uste sendoetik eraikitzen den bidea.

Emakumeak Zientzian 2026ko programazioa otsailaren 3tik 11ra bitarteko astean garatuko da. 70 jarduera baino gehiago bilduko dituen egitarau zabala diseinatu da, Euskal Herriko lurralde osoan zehar, ekintza txikiek elkarrekin mugimendu handia sortzen dutela azpimarratzeko. “Emakumeak Zientzian konpromiso partekatuan eta aldaketa kolektiboa izan behar dela sinestean oinarrituta hazitako sarea da”, gaineratu du antolakuntzak.

Hamargarren edizio hau otsailaren 3an hasiko da aldi berean Donostian, Bilbon eta Gasteizen, Atzoko eta gaurko emakume zientzialariak ekitaldiarekin. Bertan, ikerkuntzaren hainbat arlotan lan egiten duten zientzialari nabarmenek hartuko dute parte. Hortik aurrera, adin guztietako publikoari zuzendutako jarduerak egingo dira.

Komunitate zientifikoak, esaterako, Berdintasuna eta zientzia: ekintzara pasa mahai-inguruan parte hartu ahal izango du, goi-mailako hizlariekin, hala nola Petra Rudolf, Silvia Rueda Pascual eta Sara Clavero. Ikasleen ikerketa-zentroetako bisita tradizionalez gain, nerabeek aukera izango dute CIC nanoGUNEko laborategiak ezagutzeko Nanomundura bisita jardueran, edo Navegavela ontzian itsas laginak hartzeko.

Familiek Donostiako hiriko paisaia eta arroken bidez historia geologikoa ezagutzeko ibilbide dibulgatibo batean parte hartu ahal izango dute. Eta urtero bezala, 55 urtetik gorako emakumeei bereziki zuzendutako jarduera ugari antolatuko dira, kulturaren transmisore gisa duten rola azpimarratuz.

Hamargarren edizioko jarduerak otsailaren 11n amaituko dira, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunean, Donostiako Aquariumean egingo den ekitaldi festibo batekin. Topaketa honek hausnarketa-prozesu baten emaitza partekatzeko balioko du; prozesu horretatik manifestu edo ekintza-plan bat sortu da, Emakumeak Zientzianen etorkizuneko ildoak markatuko dituena eta ospakizunaren ardatz nagusi bihurtuko dena.

Jarduera-programa osoa eskuragarri dago atal honetan, eta jarduera guztietarako izen-emateak zabalik daude. Emakumeak Zientzianen 10. edizioan parte hartzen duten 34 erakundeek Euskadiko zientzia eta teknologiaren sarearen isla zabala osatzen dute: Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), BCMaterials, Biogipuzkoa, CIC bioGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Elhuyar, EHU Informatika, EHU Kimika, Achucarro, Aranzadi, AZTI, Basque Artificial Intelligence Center (BAIC), Basque Centre for Climate Change (BC3), Biofisika Institutua, CEIT, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), CIC biomaGUNE, CIC energiGUNE, CIC nanoGUNE, Cidetec, EHU Farmazia Fakultatea, EHU Ingeniaritza Eskola Gipuzkoa, EESS Bilbao, Ikerlan, Ingeniariak, Kutxa Fundazioa, Mondragon Unibertsitatea, Euskadiko Parke Teknologikoa, POLYMAT, Tecnun – Nafarroako Unibertsitatea, Tecnalia, Deustuko Unibertsitatea eta Vicomtech.

Emakumeak Zientzian 2026k honako erakundeen babes nabarmena du: Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia, Fomento San Sebastián, Bilbao Ekintza, Basque Research & Technology Alliance (BRTA), Ikerbasque, MUBIL eta Salto System. Halaber, honako erakunde eta organismoen laguntza ere badu: Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorena (CSIC), Zientzia eta Teknologia Fundazio Espainiarra (FECYT), Estatuko Ikerketa Agentzia (Severo Ochoa eta María de Maeztu zentroen bidez), Euskadiko Filmategia, Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, Biook, Skills4Science, Laboratorium Bergara, Emakunde, Lemniskata, UPV/EHUko Berdintasun Zuzendaritza, Donostiako Aquarium-a, San Sebastián Convention Bureau eta Eibarko Udaleko Berdintasun Zerbitzua.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!