FALTA ZITZAIGUNA

Nola kontatzen da historia fikzioaren bitartez?

Euskalerria Irratia 2026ko urtarrilaren 14a

Irlandako gatazka armatua eta bake negoziazioa ardatz dituzten 'Say Nothing' eta ‘Derry Girls’ telesailen inguruan mintzatu da Oier Santamaria historialaria Falta Zitzaiguna sekzioaren atal berrian

Gaurkoan, galdera edo planteamendu batekin etortzen naiz. Ez dakit irakurri duzuen “Say Nothing” liburua, Patrick Radden Keefek idatzitakoa, edo liburu hau oinarritzat hartzen duen telesail homonimoa, “Say Nothing” edo Ez Esan Ezer. Ezagutzen ez duenarentzat, Irlandako Iparraldeko The Troubles izeneko gatazka testuingurutzat, Jean McConville-ren hilketa eta garaiko IRA-ko hainbat pertsonaien eboluzioa eta bizitza kontatzen digun liburu izugarri famatu bat da. Duela bi urte oparitu zidaten, eta 2 egunetan irakurri nituen liburuak dituen 500 orrialdeak.

Ba atzo, nire anaiarekin liburu honetaz hitz egiten, galdera bat suertatu zitzaigun. Nola lantzen dira gertakari historikoak, elementu kulturalen bitartez? Hau da, liburuek, telesailek, abestiek, etab. nola kontatzen dizkigute istorio hauek, ze eta zeinen memoriari ematen diote garrantzia…

Hori lantzeko, eta doktore tesi bat ez izateko, nik bi produktu kultural ekarriko ditut soilik. Alde batetik, aipatutako Say Nothing izeneko telesail zein liburua eta bestalde Derry Girls izeneko Sitcom moduko telesaila, azkeneko urteetan nahiko famatua izan zena, eta testuinguru soziopolitiko berdintsua duena.

Say Nothing

Has gaitezen Say Nothing-ekin. Ulertzeko produktu hau, ulertu behar dugu nola idazten da, zeintzuk dira bere iturriak. The Troubles izeneko prozesua behin amaituta, Boston College-ko ikerlari batzuek talde paramilitarretako hainbat kideekin elkarrizketa desberdinak egin zituzten, Belfast Project izeneko lan proiektuaren barnean, 2000 eta 2006 urteen artean. Elkarrizketa hauek, sekretupean egin ziren eta grabaketak horrela mantendu behar ziren elkarrizketatuak hil arte, dokumentu historiko gisa tratatzeko. Hala ere, poliziaren ikerketaren ondorioz, hauetako hainbat kaleratu behar izan ziren, liburu hau idazteko materiala eman zuena.

Liburuak bi ildo nagusi lantzen ditu. Alde batetik Jean McConvillen bahiketa eta erailketa dugu, bere 10 seme-alaben ikuspuntutik. Istorio latza da eta irakurleari, edo telesailaren kasuan ikusleari, IRA probisionalak (edo talde paramilitarrak osotara) izandako alde ilunenetarikoa erakustea du helburu.

Bestalde, Dolours Price-n bizitza jarraitzen dugu. Bere eboluzioa ikusten dugu, hasierako eskubide sozialen borrokatik (modu baketsuan) IRA-ko militante sutsu eta erradikalenetarikoa izatera arte.

Bi istorio hauek, batera egiten dute aurrera, bai telesailean baita liburuan ere. Jasotzen dituzun estimuluak, guztiz kontraesankorrak dira, alde batetik Dolours eta bere ahizpa ulertzen dituzulako (telesailak borroka armatua liburuak baino askoz gehiago erromantizatzen du), baina bestalde, oso zaila delako McConville eta bere familiaren sufrimendua ez sentitzea.

Bi istorio hauek, bukaeran elkar egiten duten arren, momentu horretara iristeko bidaia izugarri garrantzitsua da ere. Alde batetik Price ahizpen historia jarraitzen dugu. Hasierako iraultza eta borroka armatuaren erromantizismoarekin , 1973ko Londreseko atentatura iristen gara, haiek burututakoa. Hemen haien bizitzaren norabide aldaketa izugarri handia ikusten dugu irakurleok. Ingalaterran espetxeratzen dituzte eta, Irlandako Iparraldera mugiaraziak izateko helburuarekin, gose greba bat hasten dute. Kapitulu hau telesailean gogorra da, baina liburuan nik oso gogor oroitzen dut, 2 egun horietan irakurketa gelditu behar izan nuen momentu bakarra. Hemendik aurrera milaka arazo psikologiko izango ditu Dolours-ek eta ez da inoiz berreskuratuko.

Bestalde. Jean McConville-n bahiketa eta erailketaren inguruko hainbat plano ematen zaizkigu. Senarra galdu eta bere 10 seme-alabekin bakarrik bizi zen emakume katoliko bat, bera defendatu behar zuen jendearen partez jasotzen du errepresioa, hau da, IRAren partez. Britaniarren informadore bezala kalifikatuko dute, eta Gerry Addams-i, Sinn Fein-eko lider historikoari leporatuko zaio bere erailketaren ordena ematea.

Hemendik aurrera ikusten dugu liburuaren benetako gai nagusia. Memoriaren galera eta aldarrikatzea, derrigorrezko isiltasuna eta hau apurtzea, borrokan parte hartzeak uzten dituen ondorio psikologikoak…

1998.urtean bakea lortzen da, bai, baina bakeak akaso desmemoria bat ekarri behar du berarekin? Iraganeko tentsioak alde batera utzi, eta barkatu krimen guztiak. Jean McConvillen arrastoak berreskuratuak izan ziren, eta bere seme-alabek jaso zituzten, baina ez da erreparaziorik ez arduradun nagusirik egon, modu ofizialean bederen,

Liburu eta telesail honek, Historia modu serio eta dramatiko batean erakusten digu. Batzuetan adrenalina edo akzio generoan sartuko bagenu ere, sentimenduak mugiarazten dizkigu gure baitan. Baina, ze beste modutan landu dezakegu?

Derry Girls

Ba, hurrengo modu hau norbaitentzat sorpresa bat izan daiteke, baina komedia du bere erdigunean. Derry Girls 1990eko hamarkadan kokatua dagoen telesail bat da, Irlandako Iparraldeko Derry hiri famatuan (You’re now entering free Derry). Kasu honetan, nerabeak diren 4 neska irlandar eta mutil ingeles baten eguneroko esperientziak jarraitzen

ditugu, borroka armatuaren zein bakearen negoziazioaren testuinguruan zehar. Adibide desberdinekin, humorez tratatzen da lurraldean dagoen tentsio politikoa:

- James ingelesa

- Bonba bat klaseko lehenengo egunean

- Provo bat haien maleteroan

Hala ere, tentsio momentuak eta serioak ikusten ditugu ere, pertsonaien barne arazoak ikustarazten dizkigutenak:

- Nial (Michellen anaia) IRAko militante bat, pertsona bat erail du eta kartzelan dago

- Tregoa eta atentatu handi desberdinak

- 1998ko erreferendumean bozkatzeko agertzen zaizkien zalantzak.

Bukaerako erreflexioa

Oso garrantzitsua da guk historia lantzeko dugun modua, are gehiago oso hurbil digun historia. Telesail hauek, liburuek, etab. errelato bat eraikitzen dute, gure pentsaera kolektiboaren barnean sartzen dena, eta horren inguruan gure izaera politikoa, soziala, gure enpatia eta gure iritziak eraikitzen ditugu, nahita edo nahigabe.

Bi telesail hauek, garai bat lantzeko kontrako moduak erakusten dizkigute. Lehenengoa izugarri zuzena eta serioa da, baina ez pentsa Derry Girls Sitcom bat izateagatik gaia ez duenik lantzen. Are gehiago, Say Nothing inoiz ikusiko ez luketenentzat, sarrera ona da, garaiaren zailtasunak modu dibertigarri batean ulertzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!