falta zitzaiguna

Noiz eta nola iritsi ziren ijitoak Euskal Herrira? Estigmatizatutako herri baten historia

Euskalerria Irratia 2025eko abenduaren 16a

Ijitoen historia Euskal Herriaren historia ere bada, horrela kontatzen ez badugu ere. 'Falta zitzaiguna' sekzioaren atal berri honetan, estigmatizatutako eta jazarritako herri baten historia berreskuratu du Oier Santamariak

Gaurkoan, guztiok ezagutzen dugun herri baten historiaz ea kulturaz arituko gara gure saioan, hau da, ijitoen historiaz. Historian zehar, herri ibiltari famatuena izan diren ijitoen historia zaila da ikertzeko, besteak beste, Europan zehar gehienbat, baina ez soilik, sakabanatua egon den herri bat izan delako eta, beraz, identitatre propioa izan arren, haien berezko historia ez dutelako gehiegi garatu, azkeneko hamarkadetara arte.

Guk gurean, Euskal Herriko ijitoetaz arituko gara, haien historiaz, integrazioaz eta pertsekuzioaz, haien berezko hizkuntzaz eta identitateaz eta haien kultura, tradizio eta ohiko lanbideetaz. Baina horrekin hasi aurretik, interesgarria litzateke herri honen historia pixka bat ezagutzea, Euskal Herrira iritsi aurretik.

Historia orokorra

Beraz, has gaitezen hasiera hasieratik. Nondik datoz ijitoak? Ba, gaur egungo DNA frogek, arrasto nahiko on bat markatzen digute, Indian hasten dena, zehazki Punyab eta Rahastaneko lurraldeetan, hau da, subkontinentearen iparraldean. IX eta XI. mendeen artean hasi zuten haien bidai luzea, haien jaioterria zena uste duguna utziz, eta mendebalderantz abiatuz, ibilbide finko bat gabe.

Zerk abiarazi zituen haien eskualdeetatik? Izugarri zaila da arrazoi zehatzak finkatzea, eta hori dela eta, teoria fantasioso nahikotxo sortu dira urteen poderioz. Besteak beste hurrengoak:

1. Bibliako Cain-en ondorengotza zirela
2. Siriako Mago kaldeoak zirela
3. Israelgo tribu galdu bat zirela, Egiptotik judutarrek ihes egon zutenekoak
4. Kristoren gurutzeko iltzeen egileak zirela (barkamenak eskatzeko, betirako ibiltari edo norahezeko bihurtu ziren).

Hala ere, gaur egungo teoria nagusiek eraso eta konkista islamiarrekin dute zerikusi handia. Horietako batek, esklabu eta gerra gatibu bezala kokatzen ditu ijitoak, eta musulmanek haien beharretarako bultzatu zituztela mendebaldera dio. Beste batek, konkista eta jazarpen musulmanetik ihes egiten zutela mendebalderantz abiatu zirela aipatzen du.

Gaur egungo kontsentsuak ematen diguna, haien ibilbidea da, gaur egungo Afghanistan, Iran, Armenia eta Turkia gurutzatuz, Europara iritsi ziren arte. XI eta XII. mendeetan zehar, zenbait aipamen aurkitzen ditugu iturri helenistikoetan, garaiko Ekialdeko Erromatar Inperioan egindako lan batzuengatik, baina iturri hauek interpretazio desberdinak izan ahal dituzte, eta ez dira guztiz fidagarriak XIV. mendera arte. Urte hauetan, ijitoen lehenengo migrazio dokumentatua aurkitzen dugu, bizantiarren gerrak direla eta, tartaro eta turkiarren aurka. Migrazio hau izugarri azkarra da, eta XV. menderako, Europa osoan zehar herri ibiltariaren inguruko dokumentu idatziak aurkitzen ditugu. Ikus ditzagu data batzuk:

- 1415ren aurretik Hego Balkanetan eta Anatolian aurkitzen ditugu
- 1416: Errumania, Bohemia eta Alemania
- 1418: Suiza
- 1419: Okzitania, Probentzia eta Frantziako erdialdean
- 1420: Herbehereak eta Franziako iparraldea
- 1425: Zaragoza
- 1427: Erroma
- 1435: Santiago de Compostelan

Eta, nolakoak ziren penintsulara iritsi ziren ijitoak? Ba kalkulatzen da, lehenengo iritsiera honetan, Aragoiko koroaren bitartez, 3.000 ijito sartu zirela, 80 eta 150 pertsona tarteko taldeetan. Talde hauek autonomoak ziren, gizon baten gidatzen baitzuen bakoitza, baina haien artean harremanak mantentzen zituzten. Haien burua kristau peregrino bezala aurkezten zuten askotan, eta haien lanbideen artean, espektakuloak eta etorkizuna asmatzea aurkitzen dugu.

Euskal Herriko ijitoak

Beraz, haien historia orokor bat ikusita, joan gaitezen gure Euskal Herria,, eta ikus ditzagun hemen bizi izan diren ijitoen historia.

Ekialde kanta duela urte batzuk aurkitu nuen abestia da, dantzatzeko erabiltzen dena ere eta Euskal Herriko Iparraldean abestu eta kantatzen dena gehienbat, baina Hegoaldean ere entzuten dena nohizbehinka. Abestiak, horrela dio pasarte batzuetan: Rom, Sinti, Buhame, Gipsy / Ber koloreko irrintzi / Atzo egün bihar etzi / Goiz ekiari ez etsi (…) Hi tzigano entzün ezak /  Gilikeatüko deiat / Bidez bide hebentik harat / Honki jin hire etxerat".

Rom, Sinti, Buhame, Gipsy, Tzigano, Ijito… Izen asko ditugu herri honentzat, eta hauek arrazoi bat baino gehiago dute. Euskal Herrian erabiltzen direnak bi dira, Ijitoak eta Buhameak.

Ijitoak, gaztelerago Gitano edo Ingeleseko Gipsy hitzarekin partekatzen du etimologia, “Egipziano” edo “Egipziar” hitzarekin zerikusi handia badu. XV eta XVI. mendeetan, Anatolia eta Ekialdeko Erromatar Inperioaren zonalde horri, Egipto txikia deitzen zitzaion askotan. Hori dela eta, ijitoek haien burua Egipto txikiko bidaiari eta konde bezala hartu zuten Europan zehar askotan, eta izen hori geratu zitzaien. Bestalde, Buhame, frantziako eta Europako beste toki batzuetan jarri zitzaien izenarekin bat dator, Bohemian agertu baitziren hasiera hasieran ijitoak, eta beraz, izen hori jarri zitzaien. Rom edo Erromani, haien buruari jarritako izena da, gehien bat penintsulan, eta Tzigano, adb. greziatik dator, Atsygano terminoarekin.

Nafarroak Erresumara, 1435eko apirilaren 27an iritsi ziren, Erriberriko Gazteluan Blanka erreginak eman baitzien donazio bat, haien peregrinazioarekin jarraitzeko. Taldea txikia zen, beste batzuekin konparatuz, 50 pertsonaz osatua, eta Egipto Txikiko Thomas kondeak zuzentzen zuen. Handik aurrera, beste tokietan aurkitzen ditugu, besteak beste, 1483an Lapurdin, 1484an Gasteizen, 1510ean Gipuzkoan eta 1517an Bizkaian.

Hala ere, Erdi Aroaren amaierarekin eta Izurrite Beltzak sortutako erreakzio eta kezkekin, haien pertsekuzioa hasten hasi zen. Nafarroako erreinuan haien aurkako jazarpen legala bultzatu ez zen arren, bai bultzatu ziren Gaztelan eta Frantzian eta, beraz, gure lurraldeek autonomia eta independentzia galtzen joan ziren ahala, haien aurkako jazarpena nafar estatuaren lurraren legeetan sartu zen ere.

1499an Gaztelan eta Aragoin Ijitoen Aurkako Lehenengo Pragmatikoa argitaratu zuten, eta horren ostean, Nafarroan eta Euskal Herri osoan hasi ziren apligatzen, besteak beste, 100 latigazoen zigorrekin edo galeretara bidaltzearekin, soilik ijitoa izateagatik. Tolosatik, Hernanitik, Getariatik, Lapurdi eta Baxe-Nafarrotik kaleratuak izan ziren besteak beste, XVI eta XVII. mendeen artean.
Baina arraroa den ere, noizbehinka haien ofizio zehatzak jarraitu zituzten egiten, gehienbat jai egunetan, dantzari eta musikari bezala, baina baita ere kalderero, mago, etorkizun irakurle edota bestelako ogibideetan ere.

XVIII. mendean, Bizkaia, Gipuzkoa eta Alabako Batzar Nagusiek eta Nafarroako Gorteek haien lurraldeetan ijitoak ez daudela diote. Badakigu egia ez dela, baina sedentarizazioak eta tokian tokiko komunitateekin murgiltzeak aukera honak izan ziren ijitoentzat, gutxienez jazarpen legala ekiditeko. 1780an badugu, Nafarroako Gorteei egiten zaien eskari anonimo bat, zeinetan ijitoen edo buhameen aurkako gehiegikeriak gelditzea eskatzen den, beraz, egon, baziren.

Hala ere, Espainar eta Frantziar gobernuek ijitoen aurka egin zuten garai hauetan zehar. Ez dugu aukera gehiegi sakontzeko, baina 1749an Espainiako ijitoak Gran Redada izeneko erasoa pairatu zuten, gizonak eta emakumeak bananduz eta, beraz, extingitzen saiatuz. Bestalde, Frantzian 1802a aldera Rafflea dugu, gutxi gora behera berdina eginez (Ameriketara bidaltzeko mehatxuarekin).


Ijitoak gaur egungo Euskal Herrian

Ez dago errolda etniko ofizialik, baina kalkuluen arabera, Euskal Herri osoan 15.000 eta 20.000 inguru izango direla aipatzen da, hoietatik ia erdia, EAEgoan bilduz. Gaur egun, hiri edo herri handi inguruetan bizi dira gehienbat, sedentarioak dira eta ez dago bazterketa berezirik kasu gehienetan.

Besteak beste, Euskara eta Caló-aren arteko nahasketa bat den Erromintxela hizkuntza hitz egiten dute euskal ijito batzuk. Hala ere, gaur egun 1.000 hiztun baino ez zaizkio kalkulatzen hizkuntz honi, eta gehienak pertsona zaharrak dira, beraz desagertzeko arrisku larria du hizkuntz honek. Gramatika eta esaldien forma euskalduna duen hizkuntza da, haien hiztegi gehiena erromanitik hartzen baitute ere. Euskal Herriko inauterietan agertu ohi dira askotan ere, besteak beste Zuberoako Buhame eta Kaskarotetan edota Hego Euskal Herrian ematen diren kaldereroetan.

Ondorioa

Gaur egun izugarrizko arazoak dituen komunitate batetaz ari gara, eta horrelako borrokan aurrerapausuak ematen ari dituzten elkarte eta antolakundeak joan dira sortzen azkeneko hamarkadetan.

Baina gauza bat argi aipatu behar dugu. Ijitoen historia Euskal Herriko historiaren zati bat da, ezin duguna alde batera utzi. Mendeetan zehar, haien errepresioaren parte izan dira gure instituzioak, eta estigma eta arrazakeri hutsa jarraitzen du izaten biztanleriaren zati batek. Ez legoke gaizki, adibidez, gaur kontatutako istorio labur, edo ez hain labur, hau, eskola eta institutuetan landuko balitz, hemendik aurrera informazio pixka bat gehiago izan dezagun.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!