Azken asteotan, 70. hamarkadako Nafarroako eta, bereziki, Iruñerriko giro soziopolitikoan murgildu naiz hainbat irakurketaren bidez. Irakurri dudan liburuetako bat Imanol Satrustegiren Atreverse a luchar (Txalaparta, 2025) izan da. Satrustegik argitasun handiz azaltzen ditu garaiko langileen ausardia eta eferbeszentzia politikoa. Irakurri dudan bestea Hedoi Etxarteren Izen baten promesa (Susa, 2025) izan da, hura ere 70. hamarkadan kokaturikoa, bere aita zenaren eta haren ingurukoen joan-etorriak kontatzen dituena.
Bi irakurketa horietatik, nolabait, ondorio antzekoetara iritsi naiz. Batetik, tristeki, aukeren—eta porroten—hamarkada horretaz deus gutxi dakigula. Bestetik, garaiko gazte langileek izugarrizko ausardia zutela. Gaur egungo gazte langileontzat kasik pentsaezina dirudien arren, egon zen garai bat gurean zeinetan iraultza posible izan zen, non dena ala ezer ez aldarrikatzen zen, non ehundaka langile iraultza posible bihurtzen ari ziren. Garai bat non gure hiri grisaxka honetan klase elkartasuna ari zuen.
Rosa Luxemburgek zioen moduan, ez dakit non geundekeen gaur garaiko porrot horiek gabe. Eta sinistu nahi dut, berak egiten zuen moduan, metaturiko porrot saihestezin horiek ekarri beharko luketela azken garaipenaren garantia.