Herritarrek euskaraz komunikatzeko duten eskubidea bermatzeko betebeharra ez betetzea leporatu dio Behatokiak Nafarroako Foruzaingoari. Salaketa Hizkuntza Eskubideen Behatokiak Foruzaingoaren sare sozialetan euskara modu desegokian erabiltzeagatik aurkeztutako kexa baten ondorioz sortu zen. Behatokiak euskaraz igorri zuen mezuari, honakoa iharduki zion Nafarroako polizia-kidegoak, gaztelaniaz: "Mezu hau gaztelaniaz ere jaso nahi genuke, zer dioen jakin eta erantzun ahal izateko. Ulertezina da nola ez diren erabiltzen Nafarroako bi hizkuntza ofizialak".
Behategiak berriz ere euskaraz erantzun zion foruzainei, euskaraz ere arreta eskaintzeko duten betebeharra oroitaraziz. Azken mezu horri, "mespretxuz" erantzun zion Foruzaingoak: "Expediente inicial solo en euskera, contestación a nuestro requerimiento solo en euskera… No entendemos. Manzanas traigo… Archivamos".
🤬 Nafarroako Foruzaingoak euskaraz idatzitako kexa artxibatu du euskaraz egote hutsagatik, eta gazteleraz helaraztera behartzen saiatu dira.
— Euskalgintzaren Kontseilua (@kontseilua) October 8, 2025
Arrazoi honengatik diogu ezinbestekoa dela langile publikoek euskararen ezagutza nahikoa izatea, herritarron eskubideak bermatu daitezen. https://t.co/9hBZ5Ppbyk pic.twitter.com/iMJyx8YfC9
Euskarari eta euskara erabiltzen dutenei egindako "gutxiespenaren erakusgarritzat" jotzen du Euskalgintzaren Kontseiluak. Polizia erakundearen jarrera "guztiz onartezina" dela adierazi dute, eta nafarron hizkuntzarekiko "errespetu eta ezagutza falta" islatzen du.
Behatokiak azaldu duenez, orain arte jasotako salaketek agerian utzi dute Foruzaingoak gaztelaniaz bakarrik igortzen dituela mezuak sare sozialetan, elebitasuna behartzen duen araudia urratuz. Gainera, euskara erabiltzen den aldi bakanetan, "baldar eta ulertezin" egiten dela gaitzetsi dute.