Pako Aristi: "Memoria, ez bada dokumentu bilakatzen, galdu egiten da"

Miren Mindegia Petrirena 2025eko urriaren 8a

'Iñaki bota daue. Kanpazar, 1975 gerra zikinaren hastapena' argitaratu du Aristik Erein argitaletxearen eskutik, estatu terrorismoaren belaunaldiko lehen hilketatzat hartu daitekeenaren inguruko ikerketa sakona

“Hil zuten egunean, 1975eko urriaren 5ean, Iñaki Etxabe Orobengoa kilo inguruko txuleta bat jaten ari zen iluntzeko hamarrak inguruan, Kanpazar gainean zeukan Etxabe-Enea ostatuaren jatetxeko sukaldean, telebistari begira”. Horrela hasten da Iñaki bota daue. Kanpazar, 1975 gerra zikinaren hastapena liburua, Erein argitaletxeak plazaratu berri duen Pako Aristik egindako ikerketa lan sakona. Iñaki Etxaberen hilketatik abiatuta, estatu terrorismoaren garaiko lehenengo atentatu hura argitzeko saioa baino, garai zehatz baten kontaketa da, garai ilun baten kronika gisa. 

Iñaki Etxaberena izan zen, Iñigo Iruinen hitzetan, estatu terrorismoaren belaunaldi berriko lehen hilketa. Aristik gogora ekarri bezala, 1975eko udazkenean Francisco Franco diktadorea hilzorian zegoen. "Bi urte lehenago ETAk Carrero Blanco Espainiako gobernuburua hil zuen, egunbatzuk lehenago, irailaren 27an, Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi etakideak fusilatu zituzten... Tentsio egoera nabarmena zen". Testuinguru horretan gertatu zen Etxaberen erahilketa. "Urriaren 5eko goizean ETAk hiru guardiazibil hil zituen lehergailuz Arantzazun". Kolpearekin sututa, Espainiako gobernuak ezohiko bilera deitu du biharamunerako. Atentatuak "mendeku gosea" piztu zuen: igandean bertan, iluntzean, aurpegi estalia zeramaten hiru gizonek Iñaki Etxabe metrailatu zuten Kanpazar gainean zuen ostatuan, bere anaia Juan Jose ETAko buruzagia izana zelako. Hurrengo igandean, German Agirre taxilaria ere metrailaturik agertu da Legution".

Estatu terrorismoaren oinarrizko ezaugarriak biltzen zituen hautaketa hark, nahiz eta Aristik azpimarratu bezala, Iñaki Etxabe ez zen begitandu zuten lehenengo aukera: "Anaiak bazekien arriskuan zegoela eta ihes egin zuen. Bestalde, Juan Zelaia enpresaria ere begitan zuten. "Zelaia enpresario garrantzitsua zen garai hartan, oso gizon jantzia, harreman asko zeuzkan ETA-rekin. Harengana joan ziren, baina ikusi zuten jendea zegoela etxean eta alde egin zuten".

Ikerketa eta dokumentazio lanean aurkitu dituen hutsune ugariak norbanakoen kontakizunekin eta logikaren arauei jarraituz bete ditu Aristik memoria kolektiboari ale bat gehitzen dion lan honetan. "Memoria, izan ere, ez da ezer ez baldin bada dokumentu bilakatzen, ez bada inprimatzen, liburu edo erreportaje bilakatzen. Horrela bilakatzen da etorkizunean historialariek kontsultatu dezaketen dokumentu". 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!