Alberto Nuñez (Hiru): "Garraiolariak abandonatuta sentitzen dira"

Maialen Huarte Arano 2025eko urriaren 1a

Nafarroako errepideetan zazpi garraiolari zendu dira aurten: horietako lau istripu bakarrean, goizaldean. Hiru sindikatua salatzen ari da "lan baldintza negargarriak" dituztela eta ezbeharren arrazoi nagusiak "presa eta presioa" direla. "Abandonatuta" sentitzen direla adierazi du sindikatuak. 

"Nafarroan garraiolariak hutsaren ondorengoa dira", esan du Hiru sindikatuak. Hego Euskal Herrian aurten hamalau garraiolari zendu dira, horietatk zazpi Nafarroako errepideetan. "Zazpi heriotza horietatik lau istripu berean izan ziren; goizaldean", salatu du Alberto Nuñez Hiru sindikatuko eledunak. "Ez da kasualitatea istripu asko gaueko ordu txikitan izatea. Zerikusi handia du zein lan baldintzetan ari diren ezagutzea: presioa eta presa dira nagusi sektorean", azaldu du. Azken lan-ezbeharretan bizitza galdu duten garraiolarien adinak ere zer esanahi handia duela uste dute: "58, 54 eta 50 urte zituzten. Garraioan ez da erreleborik eta zahartu egin da sektorea. Adin batetik aurrera garraiolariek arrisku handiagoa dute konortea galtzeko, bihotzekoa izateko, erreflexuak galtzeko edota zorabiatzeko", ohartarazi du. "Garraiolariak zahartu badira eta erreleborik ez baldin badago baldintza onik ez dagoelako da", uste dute. Horren aurrean, administrazioak beste alde batera begiratzen segitzen duela salatzen ari dira: "Ez dituzte beharrezko neurriak hartzen arazoari aurre egiteko". 

"Nafarroako garraiolariak ez du inolako babesik ez gurpilak aldatzeko laguntzarik, ez errentan gastua desgrabatzeko aukerarik ezta jarduera uzten dutenei EAEn adibidez ematen zaizkien erretiroen osagarririk ere", kritikatu dute. Hiru, Anet eta Tradisna elkarteekin batera ari da Nafarroako Gobernuari sektoreak bizi dituen arazoei heldu eta erantzunak emateko eskatuz. "Kezka horiez gainera, bidesarien eta fiskalitatearen ingurukoak dira kezka nagusiak", easn du Nuñezek. Hiru talde horiek bihar agerraldia eginen dute Sarasate pasealekuan sektoreak bizi duen errealitatearen berri eman, euren aldarrikapenak zeintzuk diren azaldu eta mobilizazio sorta aurkezteko. 

Korrontearen kontra bidesariekin

Nafarroako bost autobideetan kamioiei bidesaria jartzeko asmoa abian da horretarako sortu baitu gobernuak Nafarbide enpresa publikoa. "Tresna horren bidez Nafarroako garraiolariak galtzen ateratzen gara beste behin", adierazi du Hiru sindikatuak. Behin eta berriro egin dute elkarteek arauak aldatzeko eskaera, baina ez dute erantzuten", kontatu du. 

Argazkian klik eginda entzun daiteke Alberto Nuñezi Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!