Ekoizpen ekologikoa gero eta leku handiagoa hartzen ari da Nafarroan

Maialen Huarte Arano 2025ko mai. 7a, 10:31

Nafarroan gero eta lur gehiago erabiltzen da modu ekologikoan ekoizteko: 73.000 hektarea izan ziren 2024an, aurreko urtean baino %4 gehiago. 2.500 jaki dira elikagai ziurtatuak eta sektoreko negozio-bolumena 160 milioi euro baino handiagoa da.

532 nekazari, 172 elaboratzaile, 77 abeltzain, 48 biltegizain eta 10 inportatzailek osatzen dute sektore ekologikoa Nafarroan. Azken urteotako joera hazkundearena izan da eta horrekin pozik daude Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikorako Kontseiluan, nahiz eta jakin, Europak 2030erako markatutako %25etik urrun daudela (%7,4 bideratzen da egun). 

Landare ekoizpena egiten da gehien balore ekologikoekin: %80. Kontserbak, upategiak, ogia eta eratorriak, olioa eta bestelako produktuak. Animalien ekoizpena da gainerakoa: haragia eta horietatik eratorritako kontserbak, eztia eta arrautzak, esnekiak eta arrain kontserbak. Kontsumitzailea gakoa da produktu ekologikoen etorkizunerako: "Zenbat eta kontsumitzaile gehien izan orduan eta errazagoa izanen da ekoizpena handitzea", adierazi du Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikorako Kontseiluko komunikazio arduradun Nahia Diezek. 

Produktu ekologikoen inportazio gutxiago egin dituzte 2024an, baina kilo gehiago igorri dira era berean, inoizko zenbateko gehien, milioi baten langa gaindituta. Nafarroan, azalera guztiaren %7,4 bideratzen da modu ekologikoan ekoiztera. Zer nolakoa da kontsumo ekologikoa Nafarroan? Bada, hiru etxetatik 1ek elikagai ekologikoak erosten ditu osasunerako hobeak direla uste duelako eta%69 saiatzen da produktu ekologiko hori bertakoa izan dadin.

Ekoizpen ekologikoa, datuetan

17.000 kilo ezti produzitu dituzte iaz, 275.000 kilo haragi, 116.000 litro esne edota sei milioi eta zazpiehun mila arrautza.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!