603 lanpostuko lan eskaintza publikoa hitzartu du Nafarroako Gobernuak

Euskalerria Irratia 2025ko api. 24a, 10:41

Administrazio publikoa eta Nafarroako osasun sistema indartzeko eskainiko dira lanpostuak. Exekutiboak LAB, Afapna eta UGT sindikatuekin hitzartu du deialdia. 315 lanpostu administrazio nukleorako izango dira eta 288 osasun-langileentzat.

2027rako Administrazioaren behin-behinekotasuna %8ra murriztu nahi du Nafarroako Gobernuak eta horretarako 603 plazako Lan Eskaintza Publiko partziala deituko du. Hala adostu du Foru Exekutiboak LAB, UGT eta Afapna sindikatuekin.

ELAk ordea, ez du bat egin uste baitu planteatutako neurriek "ez dutela balio behin-behinekotasuna %8ra murrizteko". Gobernuari eskatu dio beste behin azken hiru urteetan betetako plaza guztiak lan-eskaintza publikora atera ditzala, plantillan egon ala ez, eta enplegu publikoa finkatzeko ezohiko prozesuak egin ditzala, behin-behinekotasuna murrizteko.

Foru Gobernuak egindako iragarpenaren arabera plazen erdia baino gehiago, 315 alegia, Nukleoko Administraziora bideratuko dira, eta beste 288 plazak, osasun-langileentzat. Nukleoko plazen artean 173 C mailakoak dira, 74 D mailakoak, 43 B mailakoak eta, azkenik, 25 A mailakoak. Eta administrazio-plazen artean nabarmentzen dira zerbitzu orokorretarako, Erizaintzako Zainketa Osagarrietako Teknikari izateko, suhiltzaile kaborako eta Foruzaingorako azterketak.

Bestalde, osasun-langileen 288 plazen banaketan, 282 Osasunbideako zerbitzurako dira eta sei besterik ez Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Erizain plazak, fakultatibo espezialistentzako lanpostuak, osasun-teknikarientzako plazak, zeladoreentzako plazak eta farmaziako teknikarientzako plazak daude deialdian, besteak beste.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!