Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak azaldu du: «2024. Urteko hizkuntza eskubideen egoera aurreko urteetako hutsuneen isla ere bada. Euskararen Telefonoaren bidez jaso diren kasu hauek, batik bat, administrazio eta agintari publikoak jartzen dituzte fokuan, araudiez eta lege babesaz ere arduratzen direlako. Baina baita eremu sozioekonomikoko enpresa zein eragileak ere, esparru honetako joko-arauak ere botere publikoek erabakitzen dituztela kontuan hartu behar baitugu». Gaubekaren iritziz, «2024an ezin genezake hitz egin egoera hobeaz». Balantzan gaztelera eta frantsesaren nagusitasuna argiak dira, eta idatziz zein ahoz euskaraz informazioa jaso edo euskara erabiltzeko ezintasun eta trabak daude euskararen lurralde osoan. Askotan, gainera, urraketa horiek betikotzeko saiakera atzeman da jasotako kexei emandako erantzunetan, Behatokiko zuzendariaren esanetan: «herritarrak gaztelera eta frantsesa erabiltzera bultzatzen eta euskarazko arreta ez emateko trikimailu legalak legitimatzen jarraitzen duteerakundeek, urraketei emandako hainbat erantzunetan».
Garbiñe Petriati Behatokiko teknikariak eskaini ditu erakundeak bildutako datuak. 2024an, guztira 1.206 intzidentzia jaso ziren Behatokiak eskaintzen duen Euskararen Telefonoaren dei zein zerbitzu telematikoen bidez. Iazko balantzea osatu duten intzidentziak izan dira 1.112 kexa, 62 zoriontze eta 32 kontsulta, iradokizun edo bestelako. Petriatik gogora ekarri du kasu hauek errealitatearen lagin txiki bat besterik ez direla, eta egunerokoan herritarrek salatu gabe gelditzen diren urraketak zenbaezinak direla..
Espainiako Estatuaren administrazioan, joera izan da egun indarrean dagoen ofizialtasun bikoitza ez errespetatzea, euskarazko zerbitzuekiko betebeharrak finkatu gabe. Horrela, euskalduna babesik gabe geratzen da hizkuntza eskubidea errespetatzeko eskatzen duenean. Beste urte batez, justiziaren administrazioa eta Espainiako Gobernuak kudeatutako enpresa publikoak izan dira kexa gehien jaso dituztenak.
Frantziako Estatuaren administrazioek euskararen aitortza ezaren bidetik jarraitzen dute. Nolabaiteko aitortza kulturala eman arren, hezkuntzan euskarazko irakaskuntzak oraindik dituen oztopo nagusiak aitortza ukazio horren adierazgarri dira, baina baita, hainbat esparrutan, euskararen presentzia eza ere. Aitortza eta baliagarritasuna duen hizkuntza bakarra frantsesa izaten jarraitzen den artean, gutxiagotutako hizkuntzetako herritarren ukazio sistematikoa egiten jarraitzen da.
Euskal Hirigune Elkargoa, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuaren kasuan ere, aurreko urteetako egoerak gainditu gabe jarraitzen da. Euskaraz zerbitzuak jaso, euskaraz kontsumitu, euskaraz ikasi eta orokorrean euskaraz bizitzeko bermeak, eta ez-betetzeen aurrean neurriak hartzea falta direla erakusten dute Behatokira herritarrek helarazitakoek. Erakunde horiek hainbat eskumen izan arren, gazteleraren eta frantsesaren hegemonia ezartzen, eta herritarrak hizkuntza horiek erabiltzera bultzatzen dituzten egoerak eta mugak legitimatzen jarraitzen dute urraketei emandako hainbat erantzunetan. Horrela, hizkuntza politika egoki bat garatzearen beharra erakusten da 2024ko txostenean jasotako kasuetan ere.
Ohikoa bilakatu da behin eta berriz zerbitzuak euskaraz eskatzen ibili beharra, eta hala adierazita izan arren erdara erabili behar dutela erantzutea, edo euskaraz egin nahi izateagatik atzerapenak zein bestelako oztopoak gainditu behar izatea.
Kasu gehienen muinean dagoen gaia erraz identifikatu daiteke, beraz: euskara erabiltzea bermatu ahal izateko, beharrezkoa da eskubide horren beste aldean dagoenak euskararen ezagutza izango duela bermatzea. Erdibideko neurriek urraketa eta hutsuneak kronifikatzera daramate.
Toki entitateetan ere, hainbatek gertutasunetik herritarrei euskaraz bizitzeko aukera bermatzeko ahaleginak egiten dituzten arren, beste hainbatetan toki entitateetako alor ezberdinetan hizkuntza eskubideak integratu gabe jarraitzen da. Halaber, beste administrazio batzuetan hartzen diren erabakiek, edo judizializazioaren bidez eragindakoek ere, ondorioak dituzte toki entitateetan.