Memoria Tokiak sarea handitzeko proposamena aztertzen ari dira. Paternaingo hobiak, Andosillako Kasino Nagusiaren memoria-espazioa, Artesiaga gaineko ‘Bidegabekeriaren bidea’ memoriala eta Ibiriku Deierriko Maravillas Lambertoren oroimenezko eskultura dira mahai gainean jarri dituzten proposamenak. Bestalde ere, Estatuarekin elkarlanean Ezkabako gotorlekua ere memoria gune izendatzeko lanean ari da Nafarroa.
2025. urterako, Nafarroako Memoriaren Institutuaren aurreikuspenaren arabera, lau leku gehitu daitezke lehen fasean, eta gerora, 30eraino iritsi, ez baitira baztertzen beste toki batzuk gaineratzea. Iaz Jurramendiko monolitoa sartu ondoren, gaur egun, 24 dira jada legez onartutako memoria lekuak.
Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak hasi dituzten izapideen berri eman du eta jakinarazi du, halaber, 2025eko Gorpuak Ateratzeko Plana edo sinbologia frankistaren errolda eguneratzeko lanak zein egoeratan dauden.
Era berean, Ollok memoriari buruzko politika publikoak, "aitzindaria eta erreferentzialak", sendotu eta bultzatzearen garrantzia azpimarratu du. Are gehiago, nazioartean korronte politiko "ukatzaile eta inboluzionistak" zabaltzen ari direnean.