"Etorkizunera begirako konpromisoa erakutsi nahi dute, euskaratik, euskaraz, euskararendako. Etorkizunerako zubiak eraikitzeko deia egin dute. Sorionekuak". Zubiek "ezberdinen arteko ulerkeran sakontzeko" bidea ere izan behar dutela nabarmendu dute: "Ulerkerara zubiak". 2023an hasitako bidean oinarri gehiago jartzea ezinbestekoa dela adierazi dute. Jarritako lehen aleari bigarrena gehitu nahi diote orain.
Idatziarekin bat egin dute herrialde osoko zenbait pertsona ezagunek. "Idatzi hau babesten dugunok nafar jendartearen parte gara, eremu askotakoak", azaldu dute.
Sorionekuak mezua:
Zubiak. Garai nahasi hauetan beharrezkoak ditugun zubiak. Senide artekoak, lagunen artekoak, auzoen artekoak, eskualdeen artekoak, kultura artekoak, ezezagunen artekoak, zubiak. Munduari begiratzekoak. Txikitasuna sentitzekoak. Harrotasuna piztekoak. Herri bezala, zubiak. Euskaldun bezala, zubiak. Euskaltzale bezala. Herritar gisa. Elkar konektatzekoak. Elkar ulertu eta maitatzekoak. Eraiki eta lantzekoak. Zailtasunak gainditzekoak. Aurrera egitekoak.
Zubiak, elkarri begietara begiratzeko oinarrizko elementu arkitektoniko gisa. Elkarrekin etorkizunera bidea urratzeko beharrezko tresna gisa. Joan-etorriak egiteko zubiak. Ur-korronteak gainditzekoak. Ezberdinen arteko ulerkeran sakontzeko filosofia gisa: ulerkerara zubiak. Ezagutzara. Euskarara zubiak. Eta, batez ere, euskaratik zubiak.
Sorionekuak gara gu, badugulako zubia, nondik abia, nora itzuli, eta horrela azpimarratu genuen orain bi urte. Hatz bakoitzean milaka hitz ditugulako. Jarri genuen lehen aleari, bigarrena gehitu nahi diogu orain. Ez baikara atzera begiratzearekin konformatzen diren horietakoak, ez baitugu gure hizkuntzaren sustraietan geure burua babestea maite, pausoak ematearen aldekoak gara gu. Eta pausoak ematen jarraitu nahi dugu. Bidea egin. Etorkizunera zubiak eraiki nahi ditugu. Guztiok, elkarrekin, inor atzean utzi gabe. Eta horretan ari gara. Geure burua babestu baino gehiago, geure burua eraiki nahi dugu, euskaratik, euskaraz, euskararekin, euskararantz. Abestiak esaten zuen bezala, “nahi nuke esku bat mundura zubi”. Garenaz harro aurkeztu nahi diogulako geure burua munduari, eta dugunaz harro zuzendu nahi gatzaizkiolako ez daukanari.
Zuk, guk, nik, zuek, haiek, guztiok, elkarrekin bidea egin. Atzera bueltarik ez duen zubia igaro eta aniztasuna txirikordatu. Bidea urratu eta hizkuntza bultzatu. Arraroa bailitzateke euskararik gabe Nafarroa. Etorkizunean Nafarroa izaten jarraitzeko, beharrezkoa duelako eta dugulako euskara. Euskararik gabe ez baitago Nafarroarik. Euskara delako nafar, euskaldun, herritar egiten gaituena. Guztiok, ezagutu edo ez, gure hizkuntza maitatu edo ez. Herritarrak gara, ez lehen mailakoak, ez bigarren mailakoak, ez azken putz. Herritarrak, guztiak, igualak, Nafarroan bizi garenak. Eta horregatik, arduraz aritzea exijitzeko garaia dela uste dugu, ez bazterketa betikotzekoa. Aldaketarako unea da, eta guztion hautua beharko luke hizkuntza etorkizuneko ulerkerarako zubi eta oinarri bihurtzea.
Bada garaia euskarari dagokion tratamendua, lekua, emateko. Sinetsita gaude, mundua sutan ari den honetan, gurea, elkar ulertzeko, elkar ezagutzeko eta elkar errespetatzeko lurraldea dela. Eta horren formulazioa ezin dela ukaziotik egin. Errealitatearen ukazioa, eskubideen ukazioa, herritarren ukazioa, baina batez ere, guztiok elkarrekin eraiki behar dugun etorkizun horren ukazioa. Konbentzituta baikaude euskaldunon hizkuntza, kultura eta eskubideak errespetatu behar direla. Baina batez ere, gure hizkuntza, nafar guztion hizkuntza dena, bultzatu eta harekiko harremana normalizatzea dela etorkizuneko nafar jendarte horren zutabeetako bat. Euskararekiko gorrotoa indargabetu beharra dago. Eta indargabetze hori gure hizkuntzari beldurrik ez izatean eta hura ezagutzean gauzatuko dela sinetsita gaude. Ezagutzean eta hurbiltzean. Dagoeneko euskaraz izenak, hitzak eta esamoldeak erabiltzen ditugula hausnartzen. Eta hori lortzeko parte bat herritarroi dagokigu, baina bestea, garrantzitsuena, alderdi politiko, sindikatu eta era guztietako eragileei dagokigula uste dugu. Gauden tokitik eragiten dugunean sortzen den indar handi horretan sinesten dugu. Gure uste irmoa da euskara zuen arteko zubi ere bihurtu behar duzuela. Bizipoz marra, amaigabekoa.
Idatzi hau babesten dugunok nafar jendartearen parte gara, eremu askotakoak. Hainbat arlotan lan egiten dugu eta horien parte gara: kultura, zientzia, kirola, kazetaritza, sare sozialak, hezkuntza, mugimendu sozialak, enpresak... Gurekin batera urrats hau egiteko prest zaudeten eragile sozial eta politiko orori deia egiten dizuegu, euskaratik eta euskararantz zubiak eraikitzeko. Nafar guztiena dena zuena ere badelako, guztioi dagokigulako.
Horregatik, egitasmo berri bat iragarri nahi dugu. Maiatzaren 10ean izanen du hitzordu nagusia: herrietako zubietan ikusiko dugu elkar. Etorkizunera begirako gure konpromisoa erakutsi nahi duena, euskaratik, euskaraz eta euskararendako. Eraiki dezagun zubia, eraiki ditzagun zubiak. Etorkizunera zubiak. Sorionekuak.
Ekimenaren sustatzaileak:
- Aaron Romero (Abeslaria)
- Anabel Arraiza (Aktorea)
- Arantza Santesteban (Zinemagilea)
- Edurne Pena (Aktorea)
- Elena Uriz (Aktorea)
- Gorka Karapeto (Eskalatzailea)
- Haizea Abasolo (Ikaslea)
- Miren Herrero (Ikaslea)
- Idoia Arraiza (Mugimendu feministako kidea)
- Iñaki Perurena (Harri-jasotzailea)
- Iñaki Soto (Kazetaria)
- Jaione Dorai (Euskara teknikaria)
- Javier Lorente (Kazetaria)
- Ion Navarro (Eskola zuzendaria)
- Joseba Santamaria (Kazetaria)
- Joxerra Senar (Kazetaria)
- Julen Goldarazena "FlakoFonki" (Kulturgilea)
- Karmen Munarriz (Ikastola zuzendaria)
- Kutxi Romero (Abeslaria)
- Lur Errekondo (Aurkezlea)
- Maialen Huarte (Kazetaria)
- Maider Aldaia (Ikastetxe zuzendaria)
- Mikel Arrieta (Enpresaria)
- Nerea Berastegi (Zientzialaria)
- Nerea Urbizu (Abeslaria)
- Oier Sanjurjo (Futbolari ohia)
- Sustrai Colina (Bertsolaria)
- Unai Arana (Aktorea)
- Vianca Ibarra (Ikerketa biomediko aplikatuko Doktoregaia)
- Zuriñe Hidalgo (Abeslaria)