Adostasunik ez zahar egoitzetako langileen lan hitzarmena sinatzeko

Euskalerria Irratia 2025ko urt. 31a, 13:11

Parlamentuko lan saioko irudia, sindikatuko ordezkariekin.

Mendekotasunaren Lehen Hitzarmenak atera ditu kalera ELA sindikatuko ordezkariak. Elkarretaratzea egin dute parlamentuaren parean hitzarmen bat exijitzeko. Akordioa sinatzen ez bada, soldatak seigarren urtez izoztuta mantenduko dira. Negoziazioaren eta protesten bidea besterik ez zaie geratzen langileei.

LAB, Comisiones eta UGT sindikatuek akordiora lortu zuten Lares, adinekoen zaintzarako nafarroako zahar etxe eta zerbitzuen elkartearekin, sektoreko lehen hitzarmena gauzatzeko. Baina, ez dituzte beharrezkoak diren babesak lortu. Izan ere, bi patronal daude sektorean Lares eta Anea, eta alor sozialean ere, ELA sindikatua dago. Bai Anea patronala eta baita ELA ere ez daude ados akordioarekin, bakoitzak arrazoi desberdinak argudiatuz.

Akordioaren garrantzia nabarmendu dute parlamentura hurbildu diren agenteek, gutxieneko proposamenak jasotzen direla aitortu arren. Kezka handiarekin agertu dira, seigarren urtez soldatak izoztuta mantenduko direlako sinatzen ez bada. Gainera, 5.000 langile daude sektorean, gehienak emakumeak.

Egoera honen aurrean Nafarroako Gobernuari inplikazioa eskatu diote blokeo egoera gainditzeko eta diru sarrera handiagoak eskatu diote Eskubide Sozialetako departamentuari. Izan ere, sektorean dauden 6.000 plazetatik, 3.500 direlako itunpekoak, gehienak landa eremuan.

Parlamentuaren kanpo aldean ELA sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur. Sindikatuak salatu du aipatutako akordioa, 2022ko abenduan lortutakoaren antzekoa dela eta oraindik ere ez dela nahikoa. ELAk 1.500 euroko soldatak eskatzen ditu, 1592 orduko lanaldia edota aldi baterako ezintasuneko bajen osagarria %100erainokoa izatea kontingentzia arruntetan. Lares eta LAB, Comisiones eta UGTren arteko akordioak ez ditu baldintza horiek jasotzen. Gauzak horrela, negoziazioaren eta protesten bidea besterik ez da geratzen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!