Nafarroako Gobernuak aurrera egingo du Foru Administrazioan hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuak egituratzeko euskara planekin

Unai Lako Goñi 2025ko urt. 15a, 20:11

Argazkia: Nafarroako Gobernua

Departamentu guztiek, lehen aldiz, profil elebiduna duten plazak izatea da plan hauen helburua

Nafarroako Gobernuak aurrera jarraituko du Foru Administrazioan euskarazko hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuak egituratzeko planarekin, nahiz eta arrazoi desberdinak direla medio gehiengo sindikala kontra agertu  den. Asteazken honetan burutu den Funtzio Publikoko Mahai Orokorrean azaldu duenez, helburua Nafarroako Gobernuko departamentu guztiek, lehen aldiz, hizkuntza-eskakizun elebiduna duten plazak izatea da, herritarrei behar bezalako arreta emateko.

Proposamena, “departamentuetako hizkuntza-planen barruan kokatzen da eta gero eta elebidunagoa den gizarte bati eskaintzen dion zerbitzu publikoaren kalitatea egokitu eta hobetzea du helburu”, Gobernuaren esanetan

Euskara plan hauek 246 lanposturi egokitu die euskarazko C1 maila, orain dauden plazekin alderatuta % 50 gehiago. Lanpostu horiek pixkanaka ezarriko dira, langileen lan-eskubideak, merezimendu-berdintasuna eta sarbide-berdintasuna bermatuz. Prozesuaren amaieran 757 plaza egongo dira euskara eskakizunarekin, guztien % 4,7.

Sindikatuen jarrera

Funtzio Publikoko Mahai orokorrean, sindikatuak proposamenaren aurka agertu dira. LAB sindikatuaren ustez, ez da nahikoa. "Euskararen erabilera arautu da Nafarroako administrazio publikoetan, eta zenbait lanpostutan sartzeko eta administrazioetako lanpostuak betetzeko banatuko diren puntu apurrek ez dute ziurtatzen, inola ere, Nafarroako edozein tokitan herritarrak euskaraz artatuak izan daitezkeenik, ezta eremu euskalduna deiturikoan ere ".

"Gure ustez, agerian geratzen da Nafarroako Gobernua ez duela interes handirik eta ez duela batere dedikaziorik jarri proiektu honetan, gaia mahai gainean bost urte daramatzan arren", azaldu du LABek.

Arrazoi oso desberdinengatik Afapna sindikatuak ere ez du babestu hizkuntza-planen proposamena. "Gobernuak jakinarazi digu sindikatuen alegazioak aztertu dituela, hala ere, hizkuntza-planen izapideekin jarraituko duela esan du, gehiengoak kontra bozkatu arren ".

Afapnak kontrako jarrera agertu du, "langile publikoen eskubidea ere errespetatzea nahi dugulako, eta bermatu nahi dugulako hizkuntza-eskakizuna betetzen ez duenak ez duela euskara ikasteko beharrik nahi ez badu, eta ez duela birkokatua, kaleratua edo lekuz aldatua izan behar”. Adi egongo da "lanpostu elebidunak atera ez daitezen eta eskaintza Nafarroako hizkuntza-errealitatearekin bat etor dadin".

UGTren jarrera ere kontrakoa da. "Ikastetxe gehienetan irakasle ez diren langileen hizkuntza-eskakizuna duten plazak ez dira zehazten: ez plaza kopurua, ez plaza horiek zein diren eta ez gaude ados zehaztugabetasun horrekin".

Gaineratu duenez, "ez dakigu erabat hizkuntza-eskaera zein den, eta, beraz, kasu gehienetan zer hizkuntza-premia dauden", eta "uste dugu administrazioan euskarazko klaseak jasotzen dituzten langileak erabili beharko liratekeela hizkuntza-eskaerari erantzuteko”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!