Urteurren borobila aprobetxatu duzue gai desberdinen inguruan hausnartzeko. Nola joan da?
Erronka handia izan zen 2024an hamabi hilabeteetan gai bat lantzearena. Pertsona askok hartu dute parte hitzaldi, jardunaldi eta mahai inguruetan. Jorratutako gaien garrantzia nabarmendu du horrek eta hausnarketen bidez datozen urteetarako erronkak markatuak gelditu dira.
Zein ondorioetara iritsi zarete?
Pobrezia eta bazterketa errealitate multikausalak eta alderdi askokoak direla. Gai baten inguruan ari ginen, baina beste hainbat ere aipatzen ziren. Etxebizitzaz ari ginelarik adibidez osasun arazoak edo enplegua ere agertzen ziren. Argi geratu den bestea da, pobreziari eta gizarte bazterketari aurre egitea denon ardura dela.
Aurrera begirako erronkak ere zehaztu dituzue.
Bai. 2025erako ikusi dugu parte hartzea sustatu behar dugula. Pertsona zaurgarrienen ahotsa entzun eta erantzuna eman behar zaie. Erakundeek esku hartu behar dute, baina gizarteak osotasunean ere bai. Gorroto diskurtsoen kontra jo behar dugu. Konpromiso esplizitua behar da.
Zer eskatzen diezue herritarrei eta zer erakundeei?
Bazterketa egoerekin amaitzeko eskatuko nioke gizarteari denon ardura delako. Kontuan hartu behar da edonori tokatzen ahal zaigula egoera zaurgarrian egotea. Gorroto diskurtsoaren kontra sutsuki borrokatu behar dela. Erakundeari konpromiso esplizitua, administrazio osoarena, departamentu guztien ardura delako.