Euskara sustatzeko, auzolana indartzeko eta Gartxoten kondaira ez ahazteko helburuarekin antolatu du Gartxok Ekimenak aurten ere Itzaltzuko bardoaren oroimenezko eguna. Urtarrilaren 18 eta 19an burutuko dira ekitaldiak Itzaltzun.
Gartxoten oroitarriaren parean emango diote hasiera programari, urtarrilaren 18an. Bertan egongo dira Berangoko joaldunak, Oxanda ahots taldea, kilikiak eta xirulariak. Jauzi erakustaldia eta poteo musikatuak bazkari herrikoiari emango dio paso. Arratsaldean, Jon Maia eta Julio Sotoren bertso saioa antolatu da. Eta gaueko giroa alaitzeko, Gathübi, Malakias eta Ezekiel DJ arituko dira karpan.
Igandean berriz, Elkorretara mendi irteera antolatu da, kondairaren arabera bertan egon zen preso Gartxot bost urtez. Umeek Porrotx pailazoaz gozatzeko aukera izango dute. Egitarauari amaiera emateko baba jana egingo da.
Gartxot edo Itzaltzuko bardoa, Erdi Aroko poeta izan zen. Kondairak dioen moduan, Mikelot bere semeak zuen ahots zoragarriaz txundituta, Orreagako fraideek haien abade etxera eraman nahi izan zuten. Baina Gartxotek ez zuen semea galdu nahi eta Itzaltzuko mendietara egin zuen ihes Mikelotekin. Preso hartu behar zituztenean eta fraideen eskutan gera ez zedin, Gartxotek bere seme Mikelot hil egin zuen. Bost urte preso eraman zuten Abodi mendiko Elkorreta bortura eta kondairak dio usoek gari aleak eramaten zizkiotela gosez ez hiltzeko.
Irrintzi Plaza saioan Maite Aranburu Gartxot Ekimeneko kidea elkarrizketatu dugu aurtengo egitarauari errepasoa egiteko.