Ekhiotz Prieto: “Ausardia politikoa behar da Elizak bereganatutako ondasunak herriari itzuli ahal izateko”

Unai Lako Goñi 2025ko urt. 9a, 19:39

Estatu osoan immatrikulazioen kontra lanean diharduten elkarteak batzen dituen Recuperando koordinakundearen kongresua Iruñean egingo da urtarrilaren 25ean

Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak gogo biziz ekin dio urte berriari. Hamahirugarrenez ikatza utzi zuten Artzapezpikutzan Olentzerok eta Errege Magoek, oraindik ere ez dituztelako bere izenean hartutako 2952 ondasunak herriari itzuli, salaketa ez ahazteko egin zuten kalejira eta ekitaldi sinboliko batean. Baina keinu sinbolikoez haratago, lan ildo garrantzitsuak markatu ditu plataformak 2025erako.

Urtarrilaren 25ean, kongresu garrantzitsua antolatu dute, Recuperando Koordinakundearen bilera nagusia, estatuan dauden eta immatrikulazioen aurka borrokan ari diren elkarteak biltzen dituen erakundearen urteroko zita Iruñako Plazara aretoan antolatuko da.

Elizak bere izenean jarritako 2952 ondasunak katalogatu ditu honezkero Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak, 267 herri desberdinetan kokatuta. Ez daude bakarrik eliza edota baselizak, tartean ere baratza, lursail, frontoi edota 187 etxebizitza aurkitzen ditugu.

Ondasun guzti horien katastro fitxak batu dituzte azkeneko urteetan eta horretarako Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso dute, baina inplikazio politikoa eskatzen dute ondasun horiek berreskuratze aldera pausoak eman ahal izateko. Datuak bilduta edukitzearekin ez delako nahikoa plataformaren iritziz.

Beste kezka bat ere agertu du Plataformak: 2028an Aznarrek bultzatutako dekretuak, Hipoteka Legea aldatu eta apezpikuen pribilegioa zabaldu zuenak, haien izenean kultu-lekuak ere immatrikulatzea ahalbidetuz, 30 urte beteko ditu. Ordutik aurrera zailagoa izango da ondasunen jabegoa berreskuratzea eta horregatik talde parlamentarioen laguntza eskatu dute Madrilgo Kongresuan eta lege propio bat bultzatu nahi dute hurrengo hilabeteetan.

Nafarroako Gobernuarekin ere lan ildo berri bat ireki dute. Elizak bere izenean ezarritako ondasunetatik asko komunalak izan daitezkeelakoan daude eta foru exekutiboari eskatu diote zehaztu dezan zenbat komunal egon daitezkeen Elizaren izenean eta lan egin dezan horiek berreskuratzeko.

Irrintzi Plazan Ekhiotz Prieto Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformako kidea elkarrizketatu dugu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!