Literatura, antzerkia eta ilustrazioa, besteak beste, tresnatzat erabiliz sorkuntza prozesuetan murgiltzea helburu du 'Zerbait egin nahi dugu baina ez dakigu zer' zikloak, Euskaltzaleen Topaguneak 16 eta 25 urte arteko gazteei bideratuta antolatu duen egitarauak. Urtarrilaren 16an, 23an eta 30ean emanen dira saioak Iruñean, Lezkairuko Zentro Komunitarioan, eta urtarrilaren 31 eta otsailaren 1era bitartean asteburu trinkoa antolatu dute Bakaikuko barnetegian.
Sormen prozesuaren gakoetaz arituko dira Iñigo Satrustegi, Intza Alkain, Oier Zuñiga eta Garazi San Martin artistak, baita Mejillon Tigre kolektiboko kideak ere, zikloaren ekitaldi eta tailer desberdinetan. Sarai Robles eta Ekhiñe Txokarro Topaguneko kideek argitu moduan, zikloa gazteei zuzentzen zaie baina "ez dute zertan artistak izan behar, sormenean sakontzeko gogoa duen edonork eman dezake izena".
Hala, tailerretarako zein asteburu trinkorako izen-emateak zabalik daude esteka honetan bertan.
Egitarauaren xehetasunei dagokienez, hiru tailer eskainiko dira Iruñean:
- Urtarrilaren 16an, 17:00etatik 20:30era, Kopiatzea idaztea da (edo idaztea kopiatzea) testu sorkuntza tailerra, Iñigo Satrustegi Andresekin.
- Urtarrilaren 23an, 17:00etatik 20:30era, Catering eszenikoa antzerki eta lengoaia berriak proposatzeko tailerra Intza Alkain aktorearekin.
- Urtarrilaren 30ean 17:00etatik 20:30era, Desastrearen kutxa ilustrazio tailerra, Oier Zuñigarekin
Bestalde, Bakakaikuko Barnetegiari dagokionez, urtarrilaren 31tik otsailaren 2ra bitartean eginen da. Bertan, Garazi San Martin aktoreak inprobisazio tailerra emanen du eta sormen prozesuaren inguruan arituko dira Mejillon Tigre kolektibokoak. Horretaz gain, sormenerako tartea eta Mejillon Tigreren emanaldi irekia ere emanen da. Asteburu pasarako izen ematea ere irekita dago eta 15 eurotan egin daiteke.