Martxoan irekiko da Pirinioetako autobideko errepide zati berria

Euskalerria Irratia 2025ko urt. 7a, 08:42

Autobidea Sigües parean. Argazkia: Sustapen Ministerioa

Tiermas eta Sigües lotuko ditu eta egun autobidetik aterata Esako urtegiko ertzetik doan errepidea saihesteko aukera emanen du. Hiru urteko atzerapenarekin ailegatuko da inaugurazioa. Autobide osoa ez da 2030a baino lehen amaituko.

Milaka dira astero astero Iruñea eta Jaca (Aragoi) lotzen dituen errepidea erabiltzen duten nafarrak. Orain neguan eski estazioetarako bidean, auto pilaketak handiak izaten dira Esako urtegiko errepide zaharreko bihurgunetan. Hamarkadak pasa dira Pirinioetako Autobidearen proiektua ezagutu zenetik, 12 urte pasa dira Nafarroak bere tartea amaitu zuenetik baina Aragoin gauzak mantxo doaz. Espainiako Gobernuak hartu du azken urteotan ekimena, errepideak aurrera egin dezan eta obrak joan dira bidea egiten. Martxoan, Sigües eta Tiermas herriak lotuko dituen 6,6km ko tartea irekiko duela iragarri du Gobernuak. Sei urte behar izan dituzte, zonalde malkartsu eta zailean aurrera egiteko, kilometro bat urte bakoitzeko. Duela hiru urte egon behar zen amaituta obra hori. Behin martxoan tarte hau irekitzen delarik, Iruñetik aterata 72km egon ahalko dira autobidetik, Esako urtegiaren amaieraraino gutxi gora behera. Orain ordea, tarte batez, autobidea utzi behar da, errepide zaharretik kilometro zenbait egiteko.

Autobide tarte honek gertuago jartzen du proiektua Jacatik baina oraindik bide luzea geratzen da. Fago eta Puente la Reyna de Jaca arteko tartea orain sartu da proiektu fasean beraz ez dira oraindik tokian bertan lanak hasi. Oscar Puente sustapen ministroaren esanetan 2030.urtean amaituko dira bertan obrak. Hirugarren aldia da, lanen atzerapena iragartzen dela tarte horretarako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!