Fenix Elkarteak 135 pertsonari egin die galdeketa, elkarrizketa eta datu bilketa. Nafarroan sufritzen duten diskriminazioa zenbaterainokoa den aztertzea izan dute xede. "Gehiengoaren sentipena da, baztertu egin dituztela enplegutik, zailtasun handiak dituztela etxebizitza bat eskuratzeko edota aukera berdintasun eza dutela2, esan du Johanna Hincapie ikerketaren arduradunak.
Traba eta zailtasun administrazioekin ere egiten dute topo, batez ere, tramiteak egiterako garaian. "Harrera egiten dieten aterpeetan ere sentitzen dute jazartuak", adierazi du Hincapiek. Horrek guztiak eurengan estresa eta antsietatea sortzen duela ondorioztatu du ikerketa lanak, finean, arazo mentalak: "Nahiz eta ikerketa lan horretan parte hartu dutenen %30ak dioen ona dela euren egoera emozionala, kolektibo horren %24ak azken bi hilabetean izan du ideia suizidaren bat", gaineratu du. Ikerketak jasotzen du gainera, zailtasunak dituztela psikologo batengana iristeko eta askotan ez dutela jakiten laguntza eske nora jo: "Ez dituzte ezagutzen Nafarroak dituen baliabideak eta horrek are zaurgarriago bilakatzen ditu", uste du Hincapiek.
Fenix Elkarteak dei egin die erakundeei eurekin batera lan egitera eta diskriminatuta sentitzen diren kolektiboei dagokien aukera berdintasuna ematera. Aniztasuna ikusarazi nahi izan dute ikerketa honekin eta orain, egoeraren azterketa eginda, kolektiboak dituen zailtasunei erantzun ematera jo nahi dute.