Gizalabak

Carol Kaye, AEB-ko presidenteak baino gehiago irabazi zuen baxu jotzailea

Miren Mindegia Petrirena 2024ko abe. 10a, 17:56

Munduko baxu jotzailerik hoberena izan zen Carol Kaye bere garaian, eta Tina Turner, Beach Boys, Joe Cocker edo Barbra Streisand bezalako izar handieki jo zuen

Carol Kaye, 1935eko martxoaren 24an jaio zen, eta gaur egun 89 urte ditu.

Bere izena agian ez dugu ezagutuko, baina bere lana bai, musikaria baita eta baxuarekin egindako akopainamendua Elvisen, Beach Boysen, Ritchie Valensen eta abarren abestietan entzuten baitugu.


Carolen gurasoak musikariak ziren biak. Bederatzi urte zituenean dibortziatu ziren eta 13 urterekin, eskolaren ondoren, apartamentuak garbitzen eta haurrak zaintzen lan egiten zuen jadanik, etxeko ekonomian laguntzeko helburuz.

Garai hartan gitarra bat saldu zioten. Musika klasera joan zen 3 hilabetez, eta horrekin nahikoa izan zuen musika irakurtzeko eta paperean idazteko. Irakasleak segituan kontratatu zuen berarekin eskolak eman zitzan, eta 14 urterekin dirua irabazten hasi zen birak eginez eta musika irakatsiz.

16 urterekin, eta alaba bat izanda, jazz klubetan gitarra jotzen hasi zen.

Jarduera horretan Robert Bumps ezagutu zuen. Garai hartan oso ekoizle emankorra zen hura. Berehala saio-musikari gisa kontratatu zuen, oso famatua egin zen abesti baterako lan egiteko: “La bamba”. Izan ere, punteatze nagusia gure Carol gaztearena da.

Garai hartan, saio-musikaria izateak esan nahi zuen kreditu-tituluetan ez ateratzea, langile amorratu bat izatea, klubetan jotzen baino gehiago irabaztea, baina royaltyrik inoiz ez jasotzea.

Beraz, gure Carol ez zen aberastu Bamba grabatzeagatik, baina bidaia horretan jarraitu zuen egonkortasuna aurkitu zuelako.

Urte batzuk beranduago Sam Cookeren disko bat eta Ritchie Valensen beste bat grabatzea eskaini zioten. Oso ondo ordaintzen zuten. Pentsa! 3 orduko grabaketa batean askoz gehiago irabazten zuen, haren ohiko lanean astebete osoan baino! Beraz, klubetan jazza jotzeari utzi zion, eta errazagoa iruditu zitzaion estudioko lanari ekin zion.

Gitarra jotzen zuen normalean banda propiorik ez zuten musikariekin. Baina 1963an Capitol Recordsek grabazio-saio batera deitu zion. Baina, orduan, baxu-jotzaileak huts egin zuen. Carolek lekukoa hartu zuen eta estudioko baxua hartu eta erabili. Une horretan baxu-jotzaile gisa bere ibilbide geldiezina hasi zuen. Diskoen grabazioetan parte hartu zuen, baita telebistarako eta zinemarako soinu-bandak eta publizitate-iragarkiak grabaketan ere.

10.000 saio baino gehiago grabatu zituen estudioan, eta, destajuko lana kobratzen zuenez, AEBetako presidenteak baino gehiago irabaztera iritsi zen. Phil Spectorren estudioko taldeko kidea zen, eta arrakasta handia lortu zuten abesti askoren atzetik ibili zen.

Denetarikoa grabatu zuen. Zerrenda ikaragarria du: Tina Turner, Beach Boys, Joe Cocker, Bárbara Streisand, eta abar.

Kritikak esan zuen munduko baxu-jotzailerik onena zela.

Hamarkada askotan Los Angeleseko baxu-jotzaile estimatuena izan zen. Paul Macartneyk aitortu zuen haren lanak inspiratu ziola bere abestien baxuaren akonpainamendua sortzeko.

Gainera, dibulgatzaile hutsa izan da beti. Baxuari buruzko hainbat liburu argitaratu ditu, eta duela bi urtera arte Skype bidezko eskolak oso prezio onean eskaintzen zituen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!